Horrek harreman-esparru berri bat dakar berarekin. Horretan, norbanakoa zentrora egokitu ez ezik, zentroak ere egokitzapen-prozesu bat errazteko dinamikak ezartzen ditu, baita erabiltzaileen, horien familien eta erakundearen beraren arteko topaketa-prozesu bat ere.
Tradizioz, uniformetasuna zen adinekoen zentroetan ematen zen laguntzaren ezaugarria, asistentzia-planteamendua abiapuntu hartuta. Laguntza jasotzen zuten pertsonen ongizatea zaintzen zuen, baina ez zituen aintzat hartzen pertsona bakoitzaren gustuak, lehentasunak, eta abar. Pertsona ardatz hartzen duen arreta integraleko ereduak gizakiaren duintasuna aintzat hartzen duen ikuspegia dakar, eta, hortaz, honako hauek bultzatzea proposatzen du: tratu duina oinarri hartuta, desberdintzean, autonomiaren errespetuan (aukeratzeko gaitasuna), pribatutasunean eta intimitatean oinarritutako ikuspegia, eta pertsona bakoitzaren independentzia funtzionala.
Eredu berri horren inguruan izan da Jose Ezquerrarekin izandako elkarrizketa. Jose Ezquerra Aita Menniko Gizarte Zerbitzuetako eta Bilboko Txurdinagaberri eta Durangoko Joxe Miel Barandiaran eguneko zentroetako zuzendaria da.
Zer onura jasotzen dituzte laguntza-zerbitzu hori hartzen duten pertsonek?
Asko aipa genitzake, baina funtsean hauexek dira: laguntza jasotzen duten pertsonen bizi-kalitate handiagoa, jasotako arretaren ondorioz ongizate-maila handiagorekin, autoestimu handiagoa eta talde bateko kidea izatearen sentimendua, jasotako arreta pertsonalizatuaren ondorio zuzena (izan ditzaketen premiak eta itxaropenak entzuten eta errespetatzen zaizkielako).
Halaber, familiek, askotan, beren familiartekoek duten egoerarekiko eta jasotzen duten arretarekiko sentimendu gorabeheratsuak izaten jarraitzen dutenez, familiartekoari ematen zaion arretarekiko konfiantza-maila altuagoa lortzen dute, hobeto sentitzen dira eta zentroarekiko konfiantza handiagoa dute.
Azkenik, profesionalek gogobetetasun-maila handiagoa erakusten dute betetzen duten lanarekiko, lan-esparruan autorrealizazio sentimendu eta garapen pertsonal handiago batekin.
Pertsonalizazio hori gauzagarria da baldin eta zentroetako baliabideak murritzagoak badira?
Pertsona batek, ikuspuntu horretatik lanean hasten denean, besteak beste, hauxe ikasten du: arreta indibidualizatuak askotan antolakuntza-aldaketa txiki batzuk baino ez dituela behar, eta, maiz, hori ere ez, gure jardunbidean aldaketa txikiak egitea baino ez. Asistentzia-mailan egin daitezkeen aldaketa txiki batzuek hurbilpen indibidualizatu bat lor dezakete, arreta jasoko duten pertsonen premia partikularrak aseko dituztenak.
Nola ezar daiteke pertsona ardatz izango duen arreta-dinamika hori?
Pertsona ardatz hartuta egiten den arreta betidanik landu izan da zentroetan eta erakundeetan. Beti jarduten da (ekinbide on baten barruan) pertsonei ongia egin nahian. Nolanahi ere, jarraibideak goitik beherakoak dira eta hobekuntzak pixkanaka ezartzen dira, aurrez ezarritako ordenarik gabe.
Horri dagokionez, badirudi beharrezkoa dela eredu hori modu egituratu batean ezartzea erraztuko duen eta bultzatuko duen metodo bat ezartzea. LARESen, hainbat iturri kontsultatuta eta hainbat prestakuntza-prozesu eginda, Teresa Martinez Rodriguezek (psikologoa eta gerontologoa, eredu horren erreferentziazko profesionala) arlo horretan proposatutako metodologiari jarraitzea erabaki dugu. Rodriguezek instituzioaren ebaluazio-sistematika bat proposatzen du, hainbat gako prozesurekin bat etorriko dena. Hausnarketa partekatu horren emaitzaren ondorioz, zentro bakoitzak, profesionalei, erabiltzaileei eta horien familiari dagokienez, bide bateratua lor dezake, asistentzia-errutina, laguntza jasoko duten pertsonen eta horien familiartekoen premia partikularrak eta bizi-proiektuak kontuan hartuko dituen harreman-mota batera gero eta gehiago hurbiltzea lortzeko.
Zein dira oztopo nagusiak?
Nire ikuspuntutik, erakunde sozial edo soziosanitarioen lan-antolakuntza da oztopo nagusia; izan ere, mendekotasuna duten pertsonei arreta ematen dieten erakunde horiek erakunde sanitarioek duten lan-eredu bera dute, nahiz eta batzuen eta besteen helburuak eta egonaldien batez besteko iraupena guztiz desberdinak izan. Zentro sozialak edo soziosanitarioak denbora-tarte luzez ematen die pertsonei arreta integrala; horrela, mendekotasuna duten pertsonen “etxe” berria bihurtzen da. Hori dela-eta, hainbat alderdi (autonomia, pribatutasuna eta intimitatea, besteak beste) oso garrantzitsuak izaten dira.
Beste oztopo mota batzuk, beharbada, gure baitan daude. Erakundeetan bertan, zuzendaritza-estamentuek eta profesionalek mota guztietako eragozpenak ikusten dituzte sistema horretan. Ezezaguna denak beldurrak sortzen ditu eta beldur horiek mota guztietakoak izan daitezke: sistemak berarekin dakartzan kostu ekonomikoak eta halako ezaugarriak dituen sistema baten jasangarritasuna; profesionalen lan-baldintzak aldatzeari zaion beldurra; sistemak ekar dezakeen lana; eta abar.
Prozesua martxan jarrita, beldur batzuek beste batzuk ordezkatzen dituzte. Alabaina, eguneroko asistentziak sortzen du oztoporik handiena; izan ere, horren ondorioz, askotan zaila da berariazko denborak ateratzea maila horretako lan bat egiteko. Sarri, proiektuen zailtasunik handiena ez da mugimenduari hasiera ematea, mugimendu horri jarraipena ematea baizik.
Azkenik, prozesua hasi eta martxan jarrita, konturatzen gara lan-metodo horretan sekula ez garela helmugara iristen eta horrek etsipena ekar diezaioke bati. Horregatik, oso garrantzitsua da helmuga partzialak ezartzea eta lortutakoagatik poza hartzea, aurrera egiten jarraitzeko eta geure burua etengabe sendotzeko.
Horregatik guztiagatik, hasieran egon daitezkeen erresistentziak gainditzeak garrantzitsua dirudi; horretarako, maila guztietan, prestakuntza parte-hartzailea balia daiteke, profesionalen, erabiltzaileen eta familien ahalduntze-prozesu bat.
Asistentzia-esparru horren barruan, zer da housing eta nolako zerikusia du Pertsona Ardatz hartzen duen Arreta Integraleko ereduarekin ?
Housing eredua aspaldi jarri zen abian eta Europan garatuago dago, Europako iparraldeko herrialdeetan, Holandan, Erresuma Batuan eta Frantzian, nagusiki.
Filosofia horren arabera, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonak, ahal izanez gero, beren etxean eta ingurukoekin bizitzen jarraitu behar du.
Hori ezinezkoa bada, etxearekin antz handien izan dezaketen aukerak proposatzen ditu bizitzeko, eta horren inguruan, hainbat alderdi zaintzea: esate baterako, espazioak (ahal denik eta normalizatuenak eta etxe-giro kutsuarekin). Halaber, erabakietan autonomia eta eguneroko bizitzan independentzia eta pribatutasuna izatea proposatzen du.
Protagonismoa, hortaz, erabiltzaileek eta horien familiartekoek dute, eguneko 24 orduz arreta soziosanitarioetako profesionalen babes fisikoarekin eta eskuragarriarekin. Horrela, mendekotasun-egoeran dauden pertsonek ohiko egoitza baten zerbitzuak jasotzen dituzte, baina “beren etxean” bizitzeak ematen dien askatasunaz gozatzen dute.
Hortaz, Pertsona Ardatz hartzen duen Arreta Integraleko ereduaren aplikazio praktikoa dira. Ildo horretan, ahal den neurrian, erakundearen barruan bertan harreman- eta bizikidetza-modu hori errepikatzea izan behar luke egungo egoitzen helburua, ezarpen-maila desberdinekin, arreta jasoko duten pertsonen ezaugarrien arabera.