2012/08/30

Baketik-ek antolatutako programa baten baitan, hiru eguneko egonaldi batean parte hartu dute, hobekuntzak lortzeko nor bere buruaren ezagutzan oinarrituta.

Joan den maiatzean, gizarteratzeko arazoak dituzten zenbait kolektiborentzat Baketikek antolatutako programa batean parte hartu zuen Hurkoak; programa horren helburua hobekuntza eta bilakaera pertsonala da. Fundazioaren tutoretzapeko hamabost pertsona, buruko gaixotasuna dutenak, izan ziren Arantzazuko hiru eguneko egonaldian; han, esperientzia batzuk partekatu zituzten, eta jarduera ugaritan parte hartu.

Baketikek “esperientzien ikaskuntzarako” zentrotzat hartzen du bere burua. Elkartearen oinarria da bi kontzeptu hauek bateratzea: bakea eta etika (oinarri horiek tipografikoki agertzen dira elkartearen izenean). Azken helburua aldaketa pertsonala eta soziala sustatzea da, bizimodu etikoago bat lortze aldera. Helburu hori lortu nahian, egonaldi-programa bat antolatzen du, besteak beste, gizarteratzeko arazoak dituzten kolektiboetako kideak pertsona gisa haz daitezen.

Hurkoak programa horretan parte hartzeko zortea izan du; hiru begirale eta buruko gaixotasuna duten eta Fundazioaren tutoretzapean diren hamabost pertsona joan ziren. Arantzazun, naturaren erdian dagoen leku zoragarri horretan, Baketiken lan-gunean, Hurkoako taldeak esperientziez betetako programa askotariko batez gozatu zuen maiatzaren 2tik 4ra bitartean, eta santutegiaren inguruari darion energiaz indarberritu zen.

Hausnarketarako topaketa aberatsak izan ziren, eta jarduera ugari egin zituzten, hala nola hitzaldiak, ibilaldiak, antzerkia, bisitak (santutegira, Arantzazuko parketxera, Arrikutzeko haitzuloetara eta Gomiztegiko ukuilura, jetzitegira eta gaztandegira), artzain-txakurren erakustaldia... eta abar. Santutegiko frantziskotarrek ostatua eskaini zioten Hurkoako taldeari.

Fundazioaren tutoretzapeko pertsonek Baketikek antolatutako egonaldietan parte hartzen duten bigarren aldia da, lehen esperientzia 2010ean izan baitzuten. Hurkoaren asmoa etorkizunean berriro itzultzea da; izan ere, bi aldietako emaitza benetan ona izan da. Fundazioko taldea osatu zuten pertsona guztiak prest agertu ziren itzultzeko eta, beren buruaren ezagutzan oinarrituta, pertsona gisa hobetzen eta hazten jarraitzeko.