2013/08/02

Esku-hartzea behar duten kasuak zehazteaz gain, helburuak, kasuen detekziorako metodologia, larritasun maila adosteko modua eta jarduteko moduak jasoko dira.

Hurkoa Fundazioko presidente Jose Luis de la Cuesta jaunak eta Pasaiako Udaleko alkate Amaia Agirregabiriak jarduteko protokoloa sinatu zuten atzo, hauskortasun eta mendekotasun egoeran dauden pasaitarrak zaintzeko eta babesteko. Pasaiako eta Gipuzkoako herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde lan egiteko helburua dute bi aldeek, eta dokumentuan esku-hartzea behar duten egoerak zehazteaz gain, helburuak, kasuen detekziorako metodologia, larritasun maila adosteko modua eta jarduteko moduak jaso dira.

Pasaiako Udalaren Gizarte Ekintza Sailak pasaitar guztien bizi-kalitatea hobetzeko, eta ongizate biologikoa, psikologikoa eta soziala sustatzeko lanean dihardu. Hurkoa Fundazioa, Caritasek sortua da, eta adineko pertsonen, eta ahulezia, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran dauden pertsonen arretarako, babeserako eta tutoretzarako sortua da. Bi aldeek jarduteko protokoloa sinatu dute, eguneroko jarduerak egoki betetzeko gabeziak agertzen dituzten udalerriko bizilagunei laguntza eta babesa emateko.

Bi erakundeak urteetan aritu direnez elkarlanean, dokumentu batean jaso nahi izan dute euren eskarmentua, Hurkoako presidente Jose Luis de la Cuestak azaldutakoaren arabera. "gure jarduketaren metodologia azaldu eta sendotu nahi dugu, elkarlanerako ahalik eta biderik egokienak ezartzeko, aurretik landuta ditugunez eta eskarmentuaren emaitzak direnez". Bere ustean, funtsezkoa da tresna hori izatea "helburuak lortzeko ezinbestekoa izango baita, etengabeko hobekuntzaren aldeko prozeduraren markoan".

Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak azaldutakoaren arabera, "protokolo sinatuaren bitartez, berretsi egingo dugu bi aldeak Pasaiako eta Gipuzkoako herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde ari direla etengabe lanean".

Protokoloaren garrantzia

Agirregabiria andreak azaldutakoaren arabera "herritarrengandik hurbil egonda, herritarrekiko hartu-eman zuzenean sumatzen da zenbaitzuk ez direla gai eguneroko jardunak egoki betetzeko". Egoera ugari aztertu ondoren, zenbaitzuk Hurkoa Fundaziora bideratu ditugu, babes judiziala eta tutoretza sustatzeko, eta behar denetan bere gain hartzeko, lehentasuna emanez familiaren edo erakundeen babesik ez dutenei; edo familiei aholkua, laguntza eta informazioa emateko; edo ezgaitzeko arrazoirik izan ez arren, babesgabetasun-egoeretan informazioa, laguntza eta babesa eskaintzeko".

Egoera horren aurrean, kolektibo honi emandako zerbitzua optimizatze aldera, hauskortasun-egoerak gertatzen direnerako, protokolo honetan esku-hartzea behar duten kasuak zehazteaz gain, helburuak, kasuen detekziorako metodologia, larritasun maila adosteko modua eta jarduteko moduak jaso dira. Bi alderdiek ezinbestekotzat jotzen dute elkarlanean aritzea, funtzioak osagarri izanda, bakoitzak bere eskumenetik abiatuta, betiere, pasaitarrek ahalik eta zaintzarik onena izan dezaten.