Representantes del Ayuntamiento de Azkoitia, Hurkoa e Ikei
02/03/2019

Hurkoa Fundazioak, Azkoitiko Udalarekin eta Adinberri Fundazioarekin elkarlanean, bakarrik edo bikotearekin bizi diren 65 urtetik gorakoen artean dagoen hauskortasuna eta ahultasuna aztertuko ditu. Helburua da bizi duten egoera eta dituzten behar sozialak ezagutzea, haien bizi-kalitatea hobetzen lagundu ahal izateko. 

Gaur aurkeztu dute ekimena Javier Zubizarreta alkateak, Hurkoako hauskortasun programaren arduradun Bakarne Etxeberriak eta Adinberri Fundazioaren zuzendari-gerenteak, Rakel San Sebastianek. Halaber, bidelagun izan dute galdeketa egiteaz arduratuko den Ikei aholkularitza enpresako proiektuen buru den Laura Gallo. 

“Erakundeok –esan du alkateak- dugun erronketako bat da gizartearen zahartzeari nola aurre egin ikustea, denok gure azken egunetara ahalik eta kalitaterik hoberenarekin heldu gaitezen. Nahi dugu jakin zer behar dituzten pertsona nagusiek, ze diru iturri, bakarrik edo lagunduta bizi diren, eskura dituzten baliabideak ezagutzen dituzte, e.a.”.Aldi berean, alkateak Hurkoa Fundazioa Azkoitian egiten ari den lana goraipatu du, orain urtebete pasa bulegoa zabaldu zuenetik hona. 

Ikerketak, Bakarne Etxeberriak azaldu bezala, hauskortasun arriskuan egon daitezkeen pertsonen hainbat alderdi ezagutzeko balioko du, hala nola, egoera familiarra eta erlazionala, adina eta menpekotasun maila, egoera ekonomikoa eta legala, etxebizitzaren egoera, gizarte baliabideen ezagutza edota dituzten beharrak eta eskariak arretari begira. 

Horretaz gain, ikerketa honekin bilatu nahi dena da arreta eredu bat garatzea egoera horiei erantzungo diena eta hauskortasun egoeran daduen pertsonak identifikatu eta baloratu ahal izateko, tresna bat garatzea.

Galdeketa telefono bidez edo presentzialki

Hurkoak burutuko duen ikerketa hiru udalerritan egingo da: Pasaian, Arrasaten eta Azkoitian. Galdeketak telefonoz edo presentzialki egingo dira. Aurrez, inkesta egin dezaketen pertsonen etxeetara gutun informatiboa bidaliko da. 500 etxetara bidaliko da gutuna eta haietako 200 laguni egingo zaie inkesta. Udalak parte har dezaketenei parte hartzeko eskatzen die, aurrez beren ekarpena eskertuz. 

Adinberrri Fundazioak finantzatutako lehenengo proiektuetariko bat da gaur aurkeztutakoa. Adinberri Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Etorkizuna Eraikiz” egitasmoaren baitan kokatzen da eta zahartze osasuntsurako eta adinekoen arreta integralerako eredu berri bat martxan jartzea da helburua, elkarlana eta berrikuntza ardatz hartuta.