José Félix Martí Massó
2017/09/08
José Félix Martí Massó

José Félix Martí Massó nazioarteko neurologo entzutetsuenetako bat da. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Saileko burua da, bai eta Euskal Herriko Unibertsitateko Neurologiako katedraduna ere, eta baita Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide ere. Bere ibilbide oparoan, Martí Massók ikerketa-lan ugari egin ditu, den-denak ere funts-funtsezkoak nerbio-sistemaren funtzionamendua eta gaixotasun neurodegeneratiboak hobeto ulertzeko. Horrekin batera, neurologoen belaunaldi ugari prestatu izana ere zor zaio, bai eta pazienteekiko eta burmuinaren gaixotasun degeneratiboak jota dauden pertsonen senitartekoekiko bere konpromiso irmoa ere. Horrek guztiak markatu du Martí Massó doktorearen ibilbidea.

Noiz hasten da zahartzaroa?
Galdera zaila da, oso subjektiboa eta oso aldakorra baita pertsona batetik bestera. Bada, batetik, irizpide objektibo usteko bat, geure buruari kontsentsuz-edo ezarri dioguna, zahartzaroa 65 urterekin hasten dela esatearen aldekoa; baina, nire ustez, irizpide edo ikuspegi horrek huts egiten du. Eta bada, bestetik, irizpide malguago bat, pertsonen zahartzea zenbait jarduera fisiko egiteko zailtasunak hasten diren sasoiarekin lotzen dituena. Gero eta pertsona gehiago daude zahartze-sintomak dituztenak, hala nola alopezia, zimurrak, kataratak, larruazaleko orbanak eta abar, baina ederki asko bai buruz eta bai, oro har, gorputzez. Dena den, benetan zahartzen ari garela, nik uste, burmuina zahartzen zaigunean sentitzen dugu, pertsona bere gaitasun kognitibo eta motorrak galtzen hasten denean. Baldartasun motorra da zahartzearekin gehien identifikatzen dugun seinaleetako bat horixe da.
 
Zein dira gauzak gaizki samar joaten hasi direla adierazten diguten lehen seinaleak?
Gaur egun badakigu lehen sintomak agertu baino hogei urte lehenago hasten direla Parkinson edo Alzheimer gaixotasunak. Baldartasun motorraren edo gainbehera kognitiboaren lehen sintomak agertzen direnerako, hogei urte-edo dira burmuina pixkanaka-pixkanaka hondatzen ari dela. Alzheimer gaixotasunari dagokionez, hogei urte horien joanean, pertsonak memoria zertxobait galdua duela igartzen du, edo bere abilezia kognitiboetako batzuk hondatzen ari zaizkiola. Parkinson gaixotasunari dagokionez, berriz, pertsona marruka esnatu ohi da, edo usaimena galduz joaten da, edo aldartea iluntzen zaio… Baina, nolanahi ere, oso zaila da sintoma horiek atzematea, aldatu egiten baitira pertsona batetik bestera. Nik, oro har, zera esango nuke: pertsona memoria galtzen edo totelka hitz egiten hasten denean, edo bere jarduera motorrak baldartzen hasten direnean (lurretik jaikitzea izugarri kostatzen zaionean, esate baterako), orduantxe hasten direla azaltzen zahartzearen lehen zeinu dudagabeak. 
 
Egin al daiteke ezer zahartzearen sintoma horiek gelditzeko edo atzeratzeko?
Ez dago zahartzearen kontrako batere sendabiderik. Egunen batean zahartzeak soluzioa izango duela pentsatzea ilusio moduko bat da, nik uste; baina egia da, hala ere, beren burua nolabait zaintzen duten pertsonak batere zaintzen ez direnak baino askoz hobeto zahartzen direla. Eta hori errealitate bat da. Zahartzearekin lotutako gaixotasunen prebentzioa ez da zahartzaroan hasten, gaztaroan baizik.
 
Zer aholku emango zenizkieke osasun betean zahartu nahi dutenei?
Norberaren burua zaintzea estu lotuta dago arrisku-faktore baskularrak kontrolatzearekin: lodia ez egotearekin, ez erretzearekin, substantzia toxikoak ez hartzearekin, sedentarioa ez izatearekin, arteria-tentsio altua ez izatearekin, kolesterola ez izatearekin, dieta orekatsu eta osasuntsuak egitearekin, ariketa fisikoa egitearekin, gizarte-harreman ugari izatearekin, jendearekin egotearekin, pozik bizitzearekin… Azken hori, jakina, ez dago guztiz norberaren esku. Nolanahi ere, faktore horiek zaintzeak bai laguntzen du osasun bete samarrean zahartzen.
 
Gizarte-harremanen garrantzia aipatu duzu. Nola eragiten dio bakardadeak pertsonen osasun kognitiboari?
Nire ustez, oso faktore inportantea da, ez baitago dudarik zahartu ahala bakarrik egoteak kalte handia egiten diela pertsonei. Egia da gure gizartean gero eta gehiago direla 90 urtetik gora bizi direnak, baina 80 urteetara iritsiz gero, pertsonari lagunak hiltzen zaizkio, abilezia motorrak ahultzen hasten zaizkio, horrek pertsona bakartu egiten du aldez edo moldez, eta gizarte-harreman oparoak izan dituen jende askok, bat-batean, bakar-bakarrik bukatzen du, etxetik irteteari uzten dio… Hori oso-oso kaltegarria da, nik uste, gogo-aldarteari eta osasun kognitiboari nabarmen eragiten dielako, bai eta egoera motorrari ere, agureak gutxi mugitzen eta irteten baitira. Bakardadea garrantzi handiko faktorea da gogo-aldarte onari eusteko, zeren eta depresioak burmuina hondatzeari laguntzen baitio; egoera kognitiboaren faktore larrigarria da, nolabait esatearren. Bakardadea oso arazo larria da. Bada alderdi bat, behar bezala zahartzeari dagokionez garrantzi handia duena, hemen aipatu nahi nukeena: erresilientzia. Izan ere, ezbeharrei aurre egiteko gai den jendea hobeto zahartzen da.
 
Zer aholkatuko zenieke beren gaitasun kognitiboak galtzen hasita dauden pertsonen familiei?
Aurrenik eta behin, baten batek senitarteko edo gertuko pertsonaren bati igarriko balio gauzak ahaztu egiten zaizkiola, medikutara joan dadila aholkatzea da egin lezakeen gauzarik onena, ebaluazio neurologiko bat egin diezaioten. Sarritan gertatzen ez den arren, gainbehera kognitiboko zenbait kasu itzulgarriak izan daitezke. Alzheimerrari dagokionez ere bada tratamendurik. Eta eraginkortasun apalekoak diren arren, gomendagarria izan liteke zenbait pazienteri tratamendu horiek ematea, beren onerako baldin badira. Estimulu fisiko eta kognitiboak ere beharrezkoak dira, noski: irakurtzea, idaztea, kalkulu-ariketak egitea, animalien, landareen, hirien izenekin jolasean aritzea… Jarduera horiek guztiak onuragarriak dira, inolako zalantzarik gabe, bai eta ahalik eta bizimodu sozial eta familiar beteena izatea ere.
 
Iritsiko al da zientzia Alzheimer, Parkinson eta antzeko beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuk sendatzera? 
Zientzialariei galdera hori egiten zaienean, batzuek baietz eta beste batzuek ezetz erantzuten dute. Giza burmuina ez dago aurreikuspenak egiteko ondo prestaturik. Zer gertatuko den aurreikusi beharko banu, esango nuke Parkinson-kasu batzuk prebenitu ahal izango direla eta beste batzuk ez. Gaixotasun horiek pairatzen dituzten erientzako neurri neurobabesgarriak izango ditugula esatea askotxo iruditzen zait. Nik ezetz uste dut.