Autoridades y responsables de Hurkoa en la nueva sede
2016/06/22

Donostiako Hurkoak  joan den maiatzaz geroztik  abian dituen  bulego berrietara hainbat agintariren bisita izan du, besteak beste, Euskal Jaurlaritzaren  Gizarte Politikarako eta Enplegurako sailburua den Angel Toña jaunarena, Gipuzkoako Diputatu nagusia den Markel Olano jaunarena, eta Foru Aldundiko Gizarte Politikako arduraduna den Maite Peña andrearena,  Hurkoa babesten duten beste erakunde batzuen ordezkarirenarekin batera.

Amarako  Morlans pasealekuan  dauden  bulegoen helburua da Hurkoak babesten dituen  pertsonen arreta zerbitzua hobetzea.

Agintariek Hurkoaren egoitzara eginiko bisitari hasiera eman zion Donostiako Elizbarrutiko Bikarioa den Juan Mari Olaetxea jaunak instalazioen bedeinkapenarekin.

Jarraian, Jose Luis de la Cuesta jaunak, Hurkoko presidenteak, erakundearen lana bultzatzen dutenei luzatu zien esker ona,  Eusko Jaurlaritzari eta Caritasi bereziki, beraien eraginez sortu baitira bulego berriak. Esker on hori Hurkoaren eguneroko lana babesten  duten  erakunde pribatu nahiz publikoei ere eman zien hainbat arlotan egiten duten lanarengatik, besteak beste, mendekotasuna duten adineko pertsonen arretan tutoretza zerbitzuaren bidez, eguneko zentroan, eta ahulezia egoeran dauden pertsonen babesean.

Jaurlaritzaren Gizarte Politiketarako eta Enplegurako sailburua den Angel Toña jaunak 25 azken urteotan Hurkoak  babes gabe daudenen alde egin duen lana azpimarratu nahi izan zuen, eta zentzu horretan, Hurkoako langileek zein boluntarioek ahulezia egoeran dauden pertsonen alde egiten duten lan eskergaren aipua egin zuen, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzako  bere Sailaren laguntzaz Hurkoak  ahuleziari buruz eginiko txostena goraipatu zuen. “Geure buruak  ahultzat hartzeak indartsuagoak egiten gaitu” aldarrikatu zuen Toña jaunak “eta gizarte justiziaren isla da ahulenei laguntza eskaintzea” gehitu zuen.

Hurkoa moduko “hirugarren  sektore” izeneko erakundeekin Aldundiak duen inplikazioa eta konpromisoa nabarmendu nahi izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatua den Markel Olanok, batez ere, krisi ekonomikoak eragin duen testuinguruaren eraginez gizarte ezberdintasun egoerak handitu diren horretan. “Arriskua dago gero eta adineko gehiago egoteko bakardade eta babesik gabeko egoeran” –aitortu zuen Olano jaunak- Eta oso garrantzitsua da gizartea denek esku hartu behar dugun behar horretaz jabetzea. Hurkoak gizartearen inplikazio horri forma ematen dio eta erakunde publikoentzat, zalantzarik gabe, balio handikoa eta zaindu behar dugun kontua da.

Instalazio berriek Hurkoaren zerbitzu orokorrak  jasotzen dituzte: zuzendaritza, idazkaritza, administrazioa, kalitatea eta prestakuntza. Horretaz gain, boluntario, familia eta ahuleziako taldeak daude lanean bertan, eta baita Tolosaldeako, Goierriko eta Zarautz aldeko beharrak artatzen dituen tutoretza taldea ere. Bestalde, Hurkoak irekita jarraitzen du Donostiako Gernikako Arbola 16an dagoen bulegoa. Bertan,  Donostialdeako jarduerak zuzentzen dituen  tutoretza taldea dago.