Erreala Hurkoa Real Sociedad
2015/12/28

Granero eta Jonathas jokalariak emakumeen taldeko Uriarte eta Soldevillarekin batera, Eguneko Zentrora hurbiltzen dira bertatik bertara ezagutzeko erakundearen jarduera

25. urteurrenaren ospakizunen harira, Erreala futbol taldeko jokalariak Eguneko Zentrora deituak izan dira, hurbiletik ezagutu dezaten Hurkoa Fundazioak bertan eskaintzen dituen zerbitzuak. Abagune ezin hobea, txuri urdinen zaletu porrokatuak diren Zentroko erabiltzaileek, urteurrena ospatu ahal izateko egitarauan esku-hartu, bere jokalari kuttunenak ezagutu eta elkarrekin unetxo gozoa eman ahal izateko.

Donostiako Elizbarrutiko Caritasek sortu zuen Hurkoa, Gipuzkoa osoko helduak, babesik gabeak, edota buruko gaixotasuna eduki eta menpekotasuna, ahuldadea, edo babes gabetasuna duten pertsonak artatzeko. Bada, Hurkoa Fundazioa, ospakizunetan dabil. 25 urte bete zituen joan den azaroaren 20an eta, hori horrela izanik, hasieratik erakundearekin esku-hartu duten pertsona eta erakundeei eskerrona adierazi nahian, ekintza erraldoia burutu du. Bertara, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Ernesto Gasco Donostiako Alkateordea eta Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko Gotzaina agertu ziren, besteak beste.

Gertakari honetara joaterik izan ez zuten Eguneko Zentroko langile eta erabiltzaileentzat, Errealak bisita egin zien eta horrela izan zuten aukera elkarrekin itzaltzeko tartan azaltzen ziren 25 kandelatxoak eta denon artean une gogoangarri bat pasatzeko. Jonathas eta Esteban Granero jokalariek, emakumeen taldeko Itxaso Uriarte eta Paola Soldevilla jokalariekin batera, zentroko instalazioak ikusteko parada izan zuten eta langile eta erabiltzaileen artean, 75 pertsona baino gehiago agurtu zituzten, elastikoak izenpetu eta argazkiak atera. Hurkoak bai zentro honetan bai beste hainbat tokitan Gipuzkoako gizartearen alde egiten duen lana ezagutu zuten.

Tartaren dastaketari ekin aurretik, zentrokoek Errealaren ereserkia abestu zieten jokalariei eta egun horretarako bereziki landutako pultserak oparitu zizkieten. Granero, Jonathas, Uriarte eta Soldevillak, bere aldetik, banaka izenpetutako banderatxoak, bufandak eta postalak oparitu zizkieten.