2015/11/25
  • Ospakizun-ekitaldi bat antolatu du hasiera-hasieratik Fundazioarekin lan egin duten pertsonen eta erakundeen lana aitortzeko
  • Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin duen ‘Ahuleziari buruzko Azterlanaren’ emaitzak aurreratu ditu eta etorkizuneko iradokizun batzuk proposatu ditu

(Donostia, 2015eko azaroaren 20a). Ahulezia goiz detektatzea, artatutako pertsonei jarraipen eta laguntza egokia egiteko eta emateko laguntza-sare soziosanitario koordinatua eta planifikatua garatzea, pertsona horien tutoreei laguntza handiagoa ematea edo inplikatutako kolektibo profesionalak eta gizarte osoa kontzientzia dira Hurkoak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egindako ‘Ahuleziari buruzko Azterlanean’ aurreratutako iradokizunetako batzuk. Azterlan hori ezagutzera emateko esparrua Hurkoak bere 25. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldia izan da. Ekitaldi hori Fundazioari hasieratik lagundu dioten pertsonek eta erakundeek egindako lana eskertzeko egin da, eta honako hauen partaidetza izan du: Iñigo Urkullu lehendakaria; Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano; Donostiako alkateorde Ernesto Gasco; eta Donostiako gotzain José Ignacio Munilla, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña, beste askoren artean.

Hurkoak Orona Fundazioaren entzunaretoa aukeratu du gaur goizean bere 25. urteurrena ospatzeko mende-laurden honetan lana garatzen lagundu dioten lagunez, langileez, boluntarioez, aliatuez, laguntzaileez eta erakundeez inguratuta. Arestian aipatutako horiek guztiek Fundazioari eusteko egin duten ahalegina eta emandako laguntza ez ezik, Fundazioaren eginkizuna bete izana ere aitortzea izan da, hain zuzen ere, ekitaldi honen helburua, Fundazioa sortu zuen erakundeari, hots, Gipuzkoako Cáritasi aipamen berezia eginez.  

Jardunaldi honetan, Hurkoak gizartearekin hartutako konpromisoa berritu nahi izan du “ahulezia-egoeran dauden pertsonen premiei erantzuteko modu berriak bilatzen aurrera egiten jarraitzeko erantzukizuna bere gain hartuz”, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakunde-sareko pertsona ospetsu askok hartu dute parte; pertsona horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Iñigo Urkullu lehendakaria; Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano; Donostiako alkateorde Ernesto Gasco; Donostiako gotzain José Ignacio Munilla, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña; Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña; Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia eta Donostiako Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Román.

‘Ahulezia: Gizartea ispiluaren aurrean’

Hurkoa tutoretza-erakundea da, ahulezia-, mendetasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden adineko pertsonak eta/edo gaixotasun mentala dutenak defendatzen dituena. Fundazioak Ahulezia: Gizartea ispiluaren aurrean izenburua jarri dio jardunaldiari, eta ahuleziaren eremua hartu nahi izan du oinarritzat, azken urte hauetan arreta berezia eskaini baitio eremu horri, egoera horretan dauden pertsonei jarraipen pertsonala egiteko eta laguntza pertsonala emateko, pertsona horien eskubideak eta interesak defendatuz ez ezik, pertsona horien balioak eta nahiak kontuan hartuz ere bai.

Gaur egun, Hurkoak prebentzio-arreta eskaintzen die bakarrik dauden, familia-laguntzarik ez duten, osasun-arazoak dituzten eta/edo mendetasuna duten eta beren premiak eta baliabideak antolatzeko eta kudeatzeko hainbat muga dituzten adinekoei. Era berean, dokumentuak egiteko prozesuan aholkuak ematen dizkie eta bideratu egiten ditu, kudeaketa konplexuetan laguntzen die eta baliabide eta zaintza pertsonalak antolatzen laguntzen die.

Ahuleziari buruzko azterlana

Gaur goizean, Fundazioak Marta Álvarez de Arcaya Matia Fundazioko geriatraren eta zuzendari medikoaren eta Pablo García Zorroaga Fundazioko kalitate-zuzendariaren partaidetza izan du. Ahuleziari buruzko bi hitzaldi eman dituzte osasunaren eta gizarte-testuinguruaren eremuetatik begiratuta, hurrenez hurren. Jarraian, Hurkoan egiten ari den ‘Ahuleziari buruzko Azterlanaren’ emaitzak aurreratu dituzte, eta egoera horretan dauden pertsonei erantzuteko etorkizunean kontuan hartu behar diren iradokizun batzuk egin dira.

Lehenik eta behin, Hurkoak adierazi du ahulezia gaur egun zehaztasunez definitzea zaila den kontzeptua dela, batez ere ikuspegi psikosozialetik, eta jakinarazi du pertsonen alderdi fisikoak ez ezik, intelektualak, afektiboak eta sozialak ere inplikatzen dituela. Halaber, adierazi du kolektibo asko hartzen dituela eraginpean, batez ere adinekoen kolektiboa, eta adinarekin, bakardadearekin, babesgabeziarekin, gizarte-sarerik ez izatearekin, premia- eta eskasia-egoerekin eta manipulazioa eta/edo tratu txar fisikoa, psikologikoa edo ekonomikoa pairatzeko arriskuarekin lotuta dagoela zuzenean.

Era berean, eta egindako azterketaren ondorio gisa, ahulezia-egoeran dauden pertsonei erantzuteko estrategiak eta jardun-planak proposatzeko garaian kontuan hartu behar diren iradokizun batzuk aurreratu ditu. Besteak beste, honako iradokizun hauek nabarmendu dira: ahulezia azkar detektatzea ahalbidetuko duten tresnak edo metodologiak eduki ahal izateko premia, kasuistika desberdinen aurrean zer laguntza eta baliabide dauden zehaztuko duen zerbitzu-zorro bat garatzea, zerbitzu soziosanitarioen koordinazio planifikatua eta egituratua izatea, asistentzia-sare koordinatua garatzea, pertsona ahulen tutoretza gauzatzen duten edo pertsona horiei laguntzen dietenei laguntzeko planak ezartzea, jarraipena egitea eta laguntzea egoera guztietan (ospitaleratzea, ospitaleko alta eta abar), eta gizartea orokorrean sentsibilizatzea, inor ikusezina ez izateko eta gune grisetan (zehaztugabeetan) ez egoteko.

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak zuzendu du amaiera-ekitaldia, eta ekitaldi horretan Hurkoaren urrezko bereizgarria eman zaie Aurora Elóseguiri (Donostiako Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegiko magistratua) eta Evelia Canterari (Fundazioa sortu zenetik Fundazioan lan egin duena eta Fundazioa bultzatu duena) urte hauetan guztietan emandako laguntza ordainezina eskertzeko.