Asteazkena, Martxoa 7, 2018
  • 18 lagunek parte hartu dute esperientzia horretan, urtebetez.
  • %87,5ek dio erabat prest dagoela programarekin jarraitzeko.

Hurkoa eta Udala elkarlanean aritu dira urtebetez hauskortasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko plan pilotu batean. 68 eta 95 urte bitarteko 18 lagunek parte hartu dute modu boluntarioan ekimen horretan, eta, horri esker, beren bizitzako zenbait alderdi hobetu ahal izan dituzte, hala nola beren etxebizitzaren egoera, kudeaketa ekonomikoa, higienea eta osasun-egoera, botiken kudeaketa farmazietatik, bakartasun-egoerak arintzeko gizarte-erreferentea bat izatea eta norbait ondoan izatea.

Hurkoak garatutako proiektuak honako helburu hau du: batetik, mendekotasunera iritsi gabe hauskortasun-egoeran dauden eta, bestetik, gizarte-baliabideez eta -zerbitzuez gozatzen ez duten pertsonak identifikatzea, haien ongizatea sustatzeko eta hondatze-egoerak prebenitzeko. Pertsona horiek beren eguneroko bizitza modu autonomoan egiteko arazoekin hasiak izaten dira; horrek hauskortasun-egoeran kokatzen ditu eta, hori dela eta, zatiketa-, marjinazio- eta mendekotasun-arriskua izan dezakete.

Halaber, batetik, hauskortasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta erantzuteko eredua definitu nahi du programa horrek, eta, bestetik, herritarrak sentsibilizatu nahi ditu elementu garrantzitsu bihur daitezen horrelako egoerak hauteman eta egoera horretan dauden pertsonei laguntzeko.

Plan pilotuan parte hartzera gonbidatutako lagunak identifikatzeko, Udalaren gizarte-zerbitzuekin aritu gara elkarlanean. Borondatez emandako baimena lortutakoan, Hurkoak beren egoera errealaren balioespena egin zuen, parte-hartzaile bakoitzaren Banakako Arreta Plana (BAP) garatu ahal izateko, eta, hor, esku hartzeko lau arlo nagusiak ageri ziren: arlo soziala, osasun-arloa, arlo juridikoa eta arlo ekonomikoa. 

Plan pilotu hori garatzeko, Hurkoako profesionalek eta boluntarioek hartu dute parte, etengabe koordinatuta Irungo Oinarrizko Zerbitzuekin eta Udalaren Gizarte Isolamenduko Programarekin. Baina, Hurkoak jarritako baliabideez gain, azpimarragarria da plana garatzen laguntzeko beste pertsona eta erakunde batzuek parte hartu dutela: ESI Bidasoa, udalerriko farmaziak, Caritas, banku-kudeatzaileak, parrokiak, adinduentzako zentroak...

Urtebetez gauzatutako esperientzia oso positibotzat jo da. Parte-hartzaileei egindako asebetetze-inkestek erakusten dute kasuen % 37,5ean erabat bete dela espero zena eta %50ean, maila altuan bete dela.

Parte hartu duten lagun guztiek Irungo Gizarte Zerbitzuek hautemandako behar-egoeran egotetik arreta-egoerara igaro dira.

Programan parte hartu duten profesionalen %75ek positibotzat jotzen dute ekimena eta %62,5ek uste dute erabat beharrezkoa dela.

Erabiltzaileek eta parte-hartzaileek beste alderdi bat ere hartu dute positibotzat: babesa, laguntza eta segurtasuna emanez bakartasun-egoera arintzea; eta, alderdi horren barruan, Hurkoako pertsonalaren eta boluntarioen inplikazioa ere azpimarratu dute.

Azken hiru urteotan, Hurkoak hauskortasun-egoerei buruzko azterketa sakon bat egin du, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Espainiako Caritasen laguntzarekin; Hauskortasuna Artatzeko Plan Integrala diseinatzen laguntzea zuen helburu, esku-hartzeko helburuak eta jarraibideak argi eta garbi definitu, Euskadin dauden baliabideak aztertu eta horiek eraginkorrago bihurtzeko koordina ditzan; aldi berean, tartean dauden erakundeak eta gizarte guztia sentsibilizatzea ere helburu zuen azterketak.