Narriadura kognitiboa, gaixotasun bat edo arrisku-egoera bat dela-eta modu autonomoan jokatzeko gaitasuna galdu duten pertsonen babes pertsonala eta ondarearen babesa bermatzen dituen funtzio soziala da tutoretza.
Hurkoan aholku ematen diegu informazioa eta orientazioa nahi dituzten familiei, eta gure tutoretzapean dauden pertsonentzat ahalik eta babes- eta ongizate-mailarik handiena bermatzen dugu.
Kuradoretza eta bestelako laguntza-neurriak ekintzen liburuxka deskargatu- Balorazio osoa.
- Gaitasun-aldaketaren prozeduraren segimendua, halakorik behar duten pertsonetan.
- Familiei aholku ematea gaitasun-aldaketaren prozedurak izapidetzean eta senitartekoen tutoretza-karguak betetzean.
- Profesionalei informazioa eta orientazioa ematea.
- Gaitasuna legez aldatua duten eta haien kargu egin ezin diren senitartekorik edo erakunderik ez duten pertsonen tutoretza-karguak betetzea.
- Tutoretzapean dagoen pertsona zaintzea eta babestea, eta haren ondasunak kudeatzea, pertsona horren gaitasuna aldatzen duen epaiaren arabera.
- Tutoretzapeko pertsonaren ordezkari izatea, betiere epaiaren mugen barruan.
- Kuradoretzapean dagoen pertsonari erabakiak hartzen laguntzea.
- Bizi-kalitate ona bermatzeko behar beste gizarte- eta osasun-zerbitzu publiko eta/edo pribatu kudeatzea.
- Familiari laguntza ematea eta segimendu pertsonalizatua egitea.
Gaitasun-aldaketa bat gauzatzeko arrazoiak: Pertsonari bere kabuz gobernatzea eragozten dion gaixotasun edo gutxiegitasun fisiko edo psikiko iraunkor oro.
Gaitasuna epai judizial bidez baino ezin da aldatu —dagokion prozedura bete ostean—, eta epai horretan adierazi behar dira aldaketa horren hedadura eta mugak, babes-erregimena (tutoretza, kuradoretza...) eta, hala badagokio, zaintza hori bete behar duen pertsona.
Tutoretza
Pertsona eta haren ondasunak edo pertsona edo haren ondasunak bakarrik zaintzeko eta babesteko neurria; barnean hartzen du gaitasuna legez aldatua duen pertsonaren tutore-kargua duen hark legezko ordezkari-lanak egitea, epaian adierazitako mugen barruan.
Kuradoretza
Pertsona eta haren ondasunak edo pertsona edo haren ondasunak bakarrik zaintzeko eta babesteko neurria, tutoretza baino intentsitate txikiagokoa. Ordezkaritza ez du barnean hartzen. Horren ordez, laguntza eskatzen du, hots, epaiak berariaz adierazten dituen ekintza zehatzetan kuradoretza duen pertsonak legez gaitasuna aldatua duen haren baimenaren osagarria.
Hurkoak tutoretza bere gain dueneko kasuak, askotan, profil honi dagozkio: adineko pertsona, bakarrik dagoena eta egoitza batean bizi dena, non bere oinarrizko beharrak asetzen baititu, baina bere ondarea kudeatzeaz —halakorik badu— edo beste behar batzuei erantzuteaz arduratuko den norbait behar duena. Beste kasu batzuetan, egoitzan bizi diren pertsona horiek ez daude bakarrik, baina haien senitartekoak ez dira ados jartzen zainketei edo ondasunen kudeaketari dagokienez. Hurkoara bideratzen diren gaixotasun mentalen kasuan, egoerak askotarikoak dira.
Familien zerbitzuari dagokionez, kontsulta gehienek adineko pertsonekin dute zerikusia, eta, batez ere, narriadura kognitiboa duten eta legezko ordezkaritza behar duen izapideren bat egin behar dutenekin. Ohikoa da, halaber, familian desadostasunak izatea pertsona horri eman behar zaion arretari edo haren ondasunak, zainketak eta abar kudeatzeari buruz; eta guztiak ados ez daudenean, erabakitzeko legezko ahalmena duen tutore bat izendatzea da irtenbidea.
Beste egoera-mota bat da seme edo alaba baten gaixotasun mentalaren kontrako borrokan bide luzea egin duten gurasoena, zeinek une jakin batean tutoretzan ikusten baitute egoerak berezko dituen zailtasunei aurre egiteko irtenbidea.