2013/12/31

Fundazioa bi erakundetan banatzen da, jarduera berrien ardura hartzeko, eta, aldi berean, gaur egungoen kalitateari eusten dio.

Elizbarrutiko Caritasek eta Hurkoak beste erakunde bat sortzea erabaki dute, Fundazioak hazten jarrai dezan eta jarduera-eremuak zabal ditzan, gaur egun ematen dituen zerbitzuen kalitate-mailei eutsiz. Hurkoak adineko pertsonen eta/edo buru-gaixotasuna dutenen tutoretzarekin jarraituko du, bai eta adineko pertsona ahulentzako arreta-programarekin ere, jarduerok bana-banakakoagoak baitira; Hurkoa Zainduz-ek, berriz, eguneko zentroaren kudeaketaz eta adineko apaizentzako arreta-programaz arduratuko da, zeregin kolektiboagoak baitira. Egitura berriari esker, fundazioaren jarduerek ez dute elkar ezkutatuko, eta ez diote elkarri haztea eragotziko.

Hurkoak hazkunde handia izan du azken urteetan, langileen kopuruan bezala artatutakoen kopuruan ere. Gaur egun, tutoretzapekoen, defenditutakoen eta artatutakoen artean, mila erditik gora adineko eta/edo buru-gaixotasuneko pertsona tutoretzen ditu, eta adineko 80 bat pertsona ahul zaintzen ditu; epe ertainean, kopuru hori dezente handitzea aurreikusten da. Bestalde, eguneko zentroa ia erabat beteta dago, eta, haren jarduera-erritmoa dela eta, ia-ia berezko nortasun juridikoa izan lezake; adineko apaizentzako arreta-programan, hiru egoitzatan banatuta dauden ia 49 pertsonari laguntzen zaie.

Jarduera handi horren ondorioz, Hurkoak, alde batetik, adineko eta buru-gaixotasuneko pertsonen tutoretza nahiz adineko pertsona ahulentzako arreta eta, bestetik, egoitza-kudeaketa banatu ditu; azken kudeaketa horren barruan eguneko zentroa eta adineko apaizentzako arreta-programa daude, eta hemendik aurrera Hurkoa Zainduz fundazio berriaren ardura izango dira. Neurri horri esker, dinamismo handiagoarekin haziko dira beharren arabera eta elkarri enbarazurik egin gabe; gainera, epe ertainean, Gipuzkoako gizartearentzako zerbitzu berriak beren gain hartu ahal izango dituzte. Bestalde, bakoitza gehiago zentratu ahal izango da dagokion esparruan, eta eskainitako kalitate-mailak bermatu egingo dira.

Erabiltzaileek ez dute aldaketarik nabarituko

Fundazio berria sortzearen ondoriozko aldaketak batez ere arlo juridikoan gertatuko dira, eta artatutako pertsonek ez dute aldaketarik nabarituko eguneroko jardunean jasotako zerbitzuan. Taldeen eta prozesuen egiturak aldatu gabe jarraituko du, eta bi fundazioen politika, xedea eta balioak lehengo berak izango dira. Gainera, fundazio berriaren estatutuetan Hurkoa Zainduz patronatuko kideek Hurkoako patroi ere izan behar dutela jasotzen da, erakunde berriaren sorrerako asmoetan aurrekoaren ideologia jasotzen dela bermatzeko.

Erakundeek jatorriko erakundearekiko harremanari eusten jarraituko dute, baina eguneko zentroaren eta adineko apaizentzako arreta-programaren kudeaketan lan egiten dutenen kontratuak fundazio berriaren esku geratuko dira, betiere orain arte Hurkoan egindako lanari dagokion antzinatasuna gordez.

Aldaketak txiki-txikiak izango dira epe laburrean, baina gehiago nabarituko dira epe ertainean. 2015. urtearen hasieran, Hurkoa garapen handiagoa izaten hastea eta beste jarduera batzuetara irekitzea aurreikusten da. Horrenbestez, Hurkoa Zainduzek zerbitzu berriak eman ahal izango lituzke buru-gaixotasuna duten pertsonen esparruan; adibidez, behin baino gehiagotan planteatu den honako hau: diagnostiko psikogeriatrikoz hornitutako adineko pertsonentzako eguneko zentro baten kudeaketa. Bestalde, Hurkoaren tutoretza-jarduera beste zenbait zerbitzutan hazi ahal izango da. Esate baterako, ahuleziaren arretan; izan ere, asko zabaltzea aurreikusten da, eta gizarte-langile esklusiboak ez ezik, berezko egitura ere izan beharko ditu.