Skip to main content
Imagen
Logoweb
11, Urtarrila 24

Euskalit-ek Hurkoari eman dio Bikaintasunarekin Konpromiso Diploma

Donostiako eguneko zentroaren ISO 9001:2008 ziurtagiria berritu ondoren, Euskalitek banatzen duen Bikaintasunarekin Konpromiso Diploma eskuratu du orain Hurkoa Fundazioak. Hurkoaren etengabeko apustuan aurrerapausoa da, laguntzen dituen pertsonei ematen dizkien zerbitzuen kalitatearen aldekoa. Erakundearen zuzendaritzaren aldetik handia da bikaintasunaren aldeko kontzientziazioa eta parte-hartzea; izan ere, jarduera aurrera eramateko biderik onena dela uste du eta, gainera, xede horretarako prestakuntza sendoa jaso du EFQM ereduan.

Sonia Froiz Hurkoako Kalitatearen arduradunak azaldu duenez, “konturatu gara EFQM kudeaketa-ereduak emaitza onak ematen dituela, gizarte-arloko erakunde askotan erabiltzen dela, eta horri esker kalitatearen bidean norabide zuzenetik jotzen dugula”. Halaber, azpimarratu du azken urteetan eredu hori erreferentziatzat hartu izanak “ez duela esan nahi aurretik kalitatezko zerbitzu batekin lan egin ez dugunik”.

Abantailak

Froizen iritziz, kudeaketa-eredu berria jarraitzearen abantailak garbiak dira: “Lan egiteko sistematika eta antolaketa hobetzen du, hau da, ekintza guztiek arrazoi eta helburu zehatza dute. Aurretik ere horrela zen, baina orain horiek egiteko prozedura zehaztu eta jaso da. Horrela, Fundazioaren kide garen guztiok norabide bera jarraitzen dugu lan egitean”. Hori dela eta, gaur egun Hurkoa jarduera guztien prozedurak zehazten ari da, eta horrela adierazi du: “nahiz eta hasieran lan handia izan, gerora lana arintzen laguntzen du”.

Gainera, nahiz eta hasieran hobetzeko prozesu hori Hurkoako barne-antolaketan oinarritu, sistemak hainbat urrats finkatuko ditu Fundazioaren laguntza duten pertsonen eta familien ongizatea hobetzeko ere.

Etorkizuna

Froizen ustez, etorkizuna honako hauetan oinarritzen da: gauzak ondo egiten jarraitzea eta Hurkoak apustua egin duen eredua ezartzea. Honela adierazi du: “Ez dugu Q kalitate-ziurtagiria lortu nahi, baizik eta zerbitzurik onena eta ahalik eta kalitate handiena eman nahi dugu. Dena den, Q lortzea horren ondorioa izango da, baina ez helburua”.

Horrela, Fundazioak 2011ri aurre egin dio, alde batetik, prozesuen dokumentazioan aurrerapausoak emanez, alderdi garrantzitsuenei lehentasuna emanez (babesaren arlokoak, esaterako, jada oso-osorik bete dira), eta, bestetik, zehaztu diren hobetzeko planak eginez, eta erakutsiz egunero bide zuzena jarraitzen duela eta bikaintasuna gero eta gertuago dagoela.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat