2012/07/25

Ezgaitzeen, tutoretzen eta borondatezkoak ez diren barneratze-kasuen prozesuak luzatu egiten direla ohartarazi du Hurkoak, eta irizpideak ez direla beti berdinak izaten. Lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegia gainerako gai zibiletatik libratzearen alde ageri da Fundazioa.

Gipuzkoan tramitatzen diren ezgaitasuneko, tutoretzako eta borondatezkoak ez diren barneratze-kasuetako prozesuak baloratuko dituen epaitegi espezializatu bat sortzeko eskatzen du Hurkoa Fundazioak; izan ere, gero eta gehiago dira buru-gaixotasunak dituzten pertsonak, ezgaitze-prozesuak azkar aztertu beharrekoak izaten dira, auzitegien sententziek pertsonen unean uneko egoerara egokitu behar dute, eta, gaur egun, kasuen jarraipena nahiko urria da.Fundazioak uste du egoerari aurre egiteko beste aukera egoki bat dela izaera horretakoak ez diren gainerako gai zibiletatik libratzea lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegia, gai horretan espezializatutako epaitegi bakarra.

Ahulezia-, mendekotasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden adineko pertsonen eta/edo buru-gaixotasunak dituzten pertsonen arretarako, babeserako eta tutoretzarako erakundea da Hurkoa Fundazioa, eta, 1990. urtetik hona, zailtasun horiek dituzten 1.500 pertsonari baino gehiagori lagundu die, eta, gaur egun, 214 tutoretza ditu bere gain.Fundazioak gero eta pertsona gehiago ari da laguntzen azken urteetan, eta joera hori nabarmenagoa da buru-gaixotasunak dituzten pertsonen kasuan.

Buru-gaixotasunak dituzten pertsonen kolektiboa, maiz ahantzia den arren, askotariko pertsonez osatzen da eta bere osaera aldatu egiten da; beraz, etengabe baloratu, berrikusi eta doitu behar dira kolektibo horrekiko hartzen diren zaintza-neurriak eta egiten diren esku-hartzeak.Hori jakinda, Hurkoaren ustez funtsezkoa da auzitegien sententziak behar bezala egokitzea pertsona bakoitzaren egoerara. Alde horretatik, lan handia egin du egoera horretan dauden pertsonak eta haien gaitasunak, zailtasunak eta inguruneak baloratzen.

Gaur egungo egoeraren zailtasunak

Urte hauetan guztietan hainbat zailtasun ikusi ditu Hurkoak buru-gaixotasunak dituzten pertsonen ezgaitasun-prozesuak tramitatu eta tutoretza-karguak betetzeko garaian, eta, horien artean, azpimarratzekoa da epaitegiek irizpide desberdinak erabiltzen dituztela arauak aplikatzeko. Horren ondorioz, alde handiak ikusten dira pertsonekin egiten diren interbentzioetan, eta, sarritan, epaitegien sententziak ez dira bat etortzen pertsonaren benetako egoerarekin. Horrez gainera, epaitegi batzuek oso jarraipen txikia egiten diote tutoretza-karguei eta tutore izendatuak izan direnek egiten duten lanari.

Gai horretan espezializatutako epaitegi bakarra dago gaur egun Gipuzkoan, lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegia.Gainerako barruti judizialetan, lehen-auzialdiko epaitegiek erabakitzen dituzte ezgaitasuneko eta tutoretzako prozedurak, prozeduren banaketa arruntaren arabera.

Donostiako barruti judizialean bildutako esperientziak adierazten digu epaitegi espezializatuko langileek asko dakitela gaiari buruz eta sentikortasunez tratatzen dituztela gai horiek; hala ere, ez dugu lehen-auzialdiko gainerako epaitegietako langileen inplikazioa zalantzan jarri nahi.Epaitegi espezializatuak ematen dituen sententziek bete egiten dute Ezintasunak dituzten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmenaren 12. artikuluko 4. paragrafoak adierazten duena —New Yorken egin zen hitzarmena, 2006ko abenduaren 13an*—.

Gaur egun, lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegiak, ezgaitasuneko, tutoretzako eta borondatezkoak ez diren barneratzeak erabakitzeko prozedurez gain, gai zibilen banaketaren arabera dagozkion beste prozedura asko aztertzen ditu, eta azken horiek bere lan-kargaren %90 osatzen dute.Lan-bolumen handi horren ondorioz, prozedurak izugarri luzatzen dira denboran, eta horrek kalte handia dakarkie ustez ezgaiak diren eta ezgaitasun-prozedura abian duten pertsonei, presazko eta berehalako neurriak hartu behar izaten baitira haien bizi-egoerari eta egoera ekonomikoari erantzuteko.Alde horretatik, Hurkoak egiaztatu du ezgaitasun-prozedurek urtebetetik gora behar izaten dutela erabakitzeko, nahiz eta, orain gutxi arte, zazpi eta zortzi hilabete behar izaten ziren, batez beste.

Horrez gainera, kontuan izan behar da Gipuzkoan psikiatria-unitateetan sartzen diren pertsona ia guztiak Donostia Ospitalera eramaten dituztela, lehen arretako unitatea duelako. Unitate horretatik akutuen unitatera eramaten dituzte egonaldia egin eta kasuak baloratzeko, eta, gerora, egonaldi ertainak edo luzeak egitera bideratzen dituzte, beste ospitale batzuetara. Horren ondorioz, lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegiak tramitatzen ditu borondatezkoak ez diren barneratze ia guztiak. Prozedura Zibileko Legearen 763. artikuluak agintzen duen moduan, barneratze edo ospitaleratze horiek egiteko, hasierako baimen judizial bat behar da, kasuaren jarraipena egin behar da gerora, eta pertsona artatzen duten medikuek txostenak egin behar dituzte, barneratze-neurriarekin jarraitu behar den ala ez erabakitzeko.

Hurkoaren proposamena

Egoera hori ikusita, Hurkoak uste du lehen-auzialdiko Donostiako 6. epaitegiak azkarrago erabakiko dituela prozedurak, eta ondorioz, hobeto zaindu eta bermatuko dituela ustez ezgaiak diren pertsonen eskubideak (horrela, gainera, bete egingo du ezintasunak dituzten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmenaren 12. artikulua), baldin eta gai zibilen banaketa arruntetik libratzen badute, eta haren egiteko bakarra ezgaitasuneko, tutoretzako eta borondatezkoak ez diren barneratzeak ebazteko prozedurak aztertzea eta erabakitzea bada.

Beste aukera bat da, baldin eta egokia dela uste bada, epaitegi bakar bat sortzea probintzia osorako, Gipuzkoan ematen diren ezgaitasuneko, tutoretzako eta borondatezkoak ez diren barneratze-kasuetako prozedurak aztertzeko, edo gai horretan espezializatutako epaitegi bana sortzea barruti judizial guztietan.

* Ezintasunak dituzten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmenaren 12. artikuluko 4. paragrafoa —New Yorken idatzia, 2006ko abenduaren 13an—:

“Hitzarmeneko partaide diren Estatuek bermatu egingo dute gaitasun juridikoaren erabilerari buruzko neurriek bere baitan izango dituztela abusurik ez gertatzeko babes egoki eta eraginkorrak, giza eskubideen alorreko nazioarteko zuzenbidea betez. Babes horiek bermatu egin behar dute gaitasun juridikoaren erabilerari buruzko neurriek aintzat hartuko dituztela pertsonen eskubideak, borondatea eta lehentasunak, bermatu egin behar dute ez dela interes-gatazkarik edo bidegabeko eraginik izango, neurriak proportzionalak izango direla eta pertsonaren egoerari egokituko zaizkiola, eperik ahalik eta laburrenean aplikatuko direla, eta agintari edo organo judizial gaitu, independente eta inpartzial batek aldiro aztertuko dituela neurri horiek. Neurriek pertsonaren eskubide eta interesengan duten eragin-mailarekiko proportzionalak izango dira babes horiek.