Skip to main content
Imagen
Cursos
13, Ekaina 28

Hurkoak antolatutako Udako Ikastaroak harrera bikaina izan du, 120 parte-hartzailerekin

EHUko Udako Ikastaroak ongi hasi dira aurten, kalifikazio altua jaso duen programarekin. Hurkoak antolatu duen Babesik gabe geratzeko arriskuan dauden buru-gaixoak artatzea ikastaroak 120 bat lagun bildu ditu, eta nota altua jarri diete egitarauko hitzaldiei. 

Parte-hartzaileen zenbatekoak nabarmen gainditu du Udako Ikastaroetan egon ohi den ikasle kopurua; gainera, horien maila kontuan izanda balio gehiago du, gehienak profesionalak eta Hurkoaren jarduera-eremu geografikoaren ingurukoak baitira.

Babesik gabe geratzeko arriskuan dauden buru-gaixoekin erabil daitezkeen metodo eta esku hartzeko baliabideen inguruko hausnarketa eta lanketa gune bat izan zen ikastaroa. Pertsona horiek bizi duten errealitatea ezagutu eta aztertu zuten, eta horiekin esku hartzeko estrategia desberdinak ikertu, batez ere honelako egoeretan: babesik eza, baztertuta geratzeko arriskua eta gizartean, familietan, egoitzetan, eta abarretan bizikidetasuna hausteko probabilitate handia.

Buru-gaixoa onartzea

Puntu horiei heltzeko, ikastaroko bi egunetarako egitarau osatua prestatu zuten. Lehen egunean, besteak beste, Sargiko Miren Igone Virto eta Lourdes Ortigosa izan ziren hizlari, buru-gaixo larriekin bizi diren kolektiboen ikuspuntua oinarritzat hartuta. Hitzaldian azpimarratu zuten garrantzitsua dela gizarteak buru-gaixoak onartzea, haien etorkizuna errazagoa izan dadin.

“Hori da egiaz erronka”, esan zuten, izan ere, “zenbat eta handiagoa izan bazterkeria, orduan eta larriagoak dira buru-gaixotasunaren arazoak. Babesa falta denean eta baliabideak ongi koordinatzen ez direnean, gaixo horien patologia eta marjinazio maila handitzen da”, azaldu zuen Ortigosak, eta gainera, “bazterkeriarekin, pertsona horiek onartzen dute besteak baino txarragoak direla eta zirkulu batean sartzen dira, kroniko egiten dute”.

Hori horrela izan ez dadin, Virtok azpimarratu zuen garrantzitsua dela “prebenitzea, estigma saihesteko. Txiki-txikitatik egin behar da lan hori, gizartearen alderdi guztietatik onarpena eta integrazioa sustatuta”. Gainera, nabarmendu zuen beharrezkoa dela “banakako planak garatzea, gaixotasun mentalaren diagnostikoak egitean”.

Premisa horiekin, Ortigosak argi utzi zuen: “guztiz posible dute integratzea eta bizitza autonomoa egitea, kontuan hartuta haien gaixotasunaren maila, ingurukoen babesa eta baliabide eta tratamendu egokiak erabiltzea”. Hori bai, “ito gabe babestu behar ditugu –gehiegi babestuz gero autonomia eta eraginkortasuna kentzen baitiegu–, eta heziketatik hasita, buru-gaixotasunari buruz transmititzen ditugun balioei arreta jarriz”.

Gizarte-bazterketa adineko pertsonetan

Beste hitzaldi arrakastatsu bat Manuel Muñoz Madrilgo Complutense Unibertsitateko Psikologia Kliniko Saileko zuzendariak eskainitakoa izan zen, adineko pertsonetan buru-gaixotasunak eta gizarte-bazterketa hizpide hartuta. Muñozek azken ikerketak aipatu zituen; horien arabera, gizarteko bazterkeriak eta isolamenduak eraginak izan ditzake arlo kognitiboan, emozioetan, motibazioan eta pertsonen jarreran, eta jakinarazi zuen ikertzaileak gizarteko bazterkeriaren eta diskriminazioaren eragin neuropsikologikoak ezagutzen ari direla.

Hala, mota horretako arazoetan esku hartzeko alternatiba nagusiak nabarmendu zituen: bilaketa aktiboa, isolatutako pertsonen identifikaziorako eta atxikipenerako estrategia gisa; elkarlana udaleko instantzien, adineko pertsonen arreta zuzenaren arduradunen, lanbide eskolen eta unibertsitatearen artean, lan-taldeak sortuz alderdi aplikatuak eta ikerketa-lanen eskakizunak uztartzeko; eta bilaketa aktiborako, atxikipenerako eta tratamendurako estrategia psikologikoetan ongi prestatutako profesionalen laguntzaren beharra, biztanleriaren zati horren arazoei berme jakinekin aurre egin ahal izateko.

Psikiatrek hartu beharreko erronkak

Ikastaroko hitzaldi garrantzitsuenetako bat izan zen Jose Juan Uriarte Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buru eta Errehabilitazio Psikosozialaren Elkarteen Espainiako Federazioko presidentearena. Psikiatriak gaixotasun mental larria duten pertsonei tratamendu medikoaz gain eman diezaiokeenaz jardun zuen Uriartek, eta psikiatren etorkizuneko erronka batzuk aipatu zituen “oraindik baliabide nahikoa ez duen garapen-testuinguru batean”.

Horien artean, erronka nagusia da gaixotasun mentalen atzean dauden faktore biologiko, psikologiko eta sozialak hobeto ezagutzea. “Ezinbestekoa da ikerketan inbertitzen jarraitzea, eta ez bakarrik oinarrizko ikerketan, baita emaitzen eta zerbitzuen antolaketaren ikerketan ere”, azpimarratu zuen. Bestalde, arreta sistema komunitario bat garatzearen alde egin zuen, pertsonen beharretara egokitutako eta errekuperaziora bideratutako zerbitzu eskuragarri eta integralekin. “Hau betiko erronka iraunkorra da, sistemaren jasangarritasuna zalantzan dagoen uneetan bereziki”, aitortu zuen. Gainera, estigmaren aurkako borroka oraindik ez dela amaitu gogorarazi zien entzuleei, eta “guztiok gaudela tartean: profesionalak, gaixoak, erakundeak eta gobernuak, eta batez ere, gizartea”.

Esfortzuak bikoiztea arlo soziosanitarioan

Ikastaroaren bigarren egunean nabarmentzekoa izan zen Iñigo Lamarka Arartekoaren ekarpena; EAEn gaixotasun mentalen arretari buruz egindako ikerketaren berri eman zuen bertan, erronka eta aukerei begiratuz. Ikerketa-lan horretan, Ararteko instituzioak aintzatetsi egin du EAEko administrazio publikoek kolektibo zaurgarri horien osasun mentala artatu eta babesteko azken urteetan egindako esfortzu nabarmena, eta arreta jarri du ekimen berriak, garapen handiagoa edo bestelako hobekuntzak behar dituzten kontuetan.

Gainera, gogorarazi zuenez, “heldu nahiz haur eta gazteentzako osasun mentaleko zentroak eta eguneko ospitaleak, egonaldi laburreko eta ertaineko unitateak, errehabilitazio unitateak eta zentro psikogeriatrikoak nabarmen hobetu eta asko sortu dira, eta pixkana-pixkana, ospitaletik kanpoko egoitza-egiturak sortu eta zabaldu dira; esaterako, tutoretzapeko eta babespeko etxebizitzak, miniegoitzak, zahar-etxeak, terapia-komunitateak eta babespeko ostatuak. Hori guztia, amaitu gabeko desinstituzionalizazio prozesu baten markoan”.

Alabaina, Lamarkak azpimarratu zuen EAEn ez dela gauzatu Osasun Mentalaren estrategian aurreikusitakoa, zehazki nortasun-nahasmenduen kasuan, horien arretan “atzerapen kezkagarria” baitugu; finantzaketa faltagatik espazio soziosanitarioaren garapenean izandako atzerapena “penagarritzat” jo zuen; eta arlo horretako zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzeko “esfortzuak bikoiztea” beharrezkoa dela nabarmendu zuen “egungo krisi ekonomiko larria” dela eta.

Babes juridikoa

Hurkoa fundaziotik zuzendariondokoa izan zen hizlari, Andikona Uriarte, legearen babesa eta esku hartze sozio-komunitarioa kontrajarriz. Uriartek azaldu zuenez, “pertsonaren alderdi guztien artean, babes juridikoa ere oso garrantzitsua da”, beraz, dena dela pertsona baten osasun- edo bizi-egoera, ez du inoiz galtzen bere eskubide eta betebeharren titulartasuna. “Gaixotasun jakin batzuengatik galdu daitekeena, hala ere, eskubide eta betebehar horiek gauzatzeko gaitasuna da, autogobernurako gaitasuna. Tutoretzarako tresnen funtzioa gaitasun falta hori osatzea da”, esan zuen.

Uriartek azaldu zuenez, gaitasunaren aldaketa-prozedura bat hastea eta epaile batek tutore kargu bat adostea erabakitzeko aurrena baloratu egin behar da neurri horren beharra eta hirugarren baten esku hartzeak pertsona ezgaituaren bizitzan eragingo duen hobekuntza. Izan ere, “ezin dugu inoiz ahaztu tutore karguan pertsona ezgaituaren mesedetan jardun behar dugula beti; kargu horiek pertsonak babesteko tresnak direla”, esan zuen amaitzeko.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat