Skip to main content
Imagen
 Donostiako Elizbarrutiko Caritasen tutoretza-fundazio
10, Urria 6

Hurkoak mendeko ia 1.500 pertsonari lagundu die Gipuzkoan 20 urteko ibilbidean

HURKOA Donostiako Elizbarrutiko Caritasen tutoretza-fundazio bat da, Gipuzkoan adineko pertsonen edota buruko gaixotasuna dutenen eta ahulezia-, mendekotasun- edo babesgabetasun-egoeran daudenen arretarako, babeserako eta tutoretzarako sortua.

Horretarako, pertsona horien babes judiziala eta tutoretza sustatzen du eta bere gain hartzen du, eta lehentasuna ematen die familiaren edo erakundeen babesik ez dutenei; arreta ematen die mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsonei eta horien zaintzaileei, Hurkoaren Eguneko Zentroan; aholkua, laguntza eta informazioa ematen die egoera horretan diren familiei; eta programa berriak sortzen eta garatzen ditu babesgabetasun-egoerak gero eta gutxiago izan daitezen.

Hurkoako langileek eta boluntarioek elkarrekin egiten dute lan, diziplina arteko taldeetan. Hurkoak, halaber, bere misioa aurrera eramaten laguntzen dion edozein erakunderekin egiten du lan. Hurkoak gizartea informatu eta sentsibilizatzen du, eta konpromisoa hartu du tratu txarren, abandonuaren eta babesgabetasun-egoeraren aurka lan egiteko; horretarako, mendeko pertsonen gaitasunak garatu eta haien duintasuna babesten du. Horren guztiaren bidez, gizarte-berrikuntzaren erreferente izatea dugu helburu, halako pertsonen tutoretza-, arreta- eta defentsa-mailan, Gipuzkoan mendekotasun-egoeran dauden edota ezgai diren pertsona guztiek arreta egokia izan dezaten.

Datu historikoak

Premisa horiekin, Fundazioak 20 urte beteko ditu azaroan, mendeko pertsonekin eta haien familiekin lanean eta eginahal betean, haien bizi-kalitatea hobetzea helburutzat hartuta. Zehazki, Hurkoak lanean egin dituen bi hamarkada horietan, 1.500 pertsona ingururi lagundu die (2010eko datuak falta dira), zuzenean haien ardura hartuz, bai tutoretza-karguarekin eta bai zaintzaile moduan. 1.500 kasu horietatik ia erdietan, 750 ingurutan, kargu juridikoen izapideak ere Hurkoak egin ditu.

Familien arretari dagokionez, Hurkoak Gipuzkoa osoko 2.500 familiari eman die aholkua, gidaritza eta laguntza, eta horietatik ia 500 kasutan ezgaitasuna aitortzeko izapideak hasi ditu.

Laguntzaileak

Jose Luis de la Cuesta Hurkoako presidenteak nabarmendu duen moduan, “zenbaki horiek guztiak ezinezkoak ziratekeen hasiera-hasieratik boluntarioen laguntzarik izan ez bagenu”. Gaur egun, 95 pertsona ari dira boluntario moduan lanean. “Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke lurralde osoko bazter guztietan zerbitzua ematea, eta Hurkoa ez zatekeen gaur dena izatera iritsiko” gaineratu du Fundazioko presidenteak; eta onartu du, orobat, boluntarioak adinean aurrera doazela eta gero eta zailagoa dela jendea proiektura biltzea.

“Guretzat ezinbestekoa da boluntario-talde zabala izatea, gero eta zabalagoa; Hurkoak ere zabaldu egin baitu zerbitzua eta, hala, gero eta pertsona gehiagori eskaintzen die arreta eta egoera konplexuagoei egiten die aurre”, adierazi du De la Cuestak. “Horregatik, gure proiektuaren habe nagusietako bat dira boluntarioak”, azpimarratu du.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bereziki azken urteotan “egindako ahalegina” eta Hurkoari emandako “laguntza leiala” ekarri du gogora De la Cuestak. Tutoretzak tratatzeko eredu berri bat bultzatu du Aldundiak eta eredu horren bidez aurrekontuetan hazkunde nabarmena bultzatu du. Hazkunde hori, noski, tutelatutako pertsonen mesederako izan da, balorazio egokietatik abiatuta.

Aurrerapauso handiak

Hogei urteotan une zailak izan badira ere, Fundazioak aurrerapauso handiak eman ditu zerbitzuak hobetzeko ahaleginean. Lan handiari eta aurrez aipatutako laguntzaileei esker lortu da hori. Aurrerapauso horien artean hauek daude: ISO 9001 kalitate-ziurtagiria eta Euskalit Fundazioak konpromisoari ematen dion diploma lortu dira; Donostiako eta Arrasateko ordezkaritzak zabaldu dira, eskualde-mailako taldeak sortu dira zerbitzuak gerturatzeko, eta hitzarmena sinatu da Orendaingo Udalarekin Hurbiltzen programa gauzatzeko.

Azken proiektu horren helburua da landa-inguruneetan bizi diren mendeko pertsonen beharrizanak aztertzea, hortik ateratako ondorioekin haien bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko. UPV/EHUren laguntza du proiektuak.

Etorkizuneko erronkak

Alabaina, Hurkoak ez du bertan goxo egin nahi. Urtea joan urtea etorri Fundazioa hazten ari da eta etorkizunari begira asmoa da lanean jarraitzea beharrean diren gipuzkoarrei zerbitzuak gehiago hurbiltzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzearen alde ahalegin guztia egiteko. Hala, Hurkoaren erronka nagusietako bat da epe ertainera Bidasoa eta Goierri eskualdeetan beste bi ordezkaritza zabaltzea. Aspaldikoa da egitasmoa, baina krisia dela eta, une egokia noiz iritsiko zain dago proiektua, Udalen eta Diputazioaren ezinbesteko babesa eta laguntza jaso ahal izateko.

Helburua da Fundazioaren egitura ahalik eta gehien zabaltzea, pertsona tutelatuak eta haien familiak dauden lekura iritsi ahal izateko. Fundazioa lehen urratsak ematen hasi zenetik bide handia egin da norabide horretan. Aurreneko urteetan, laguntza jaso zuten pertsona ia guztiak Donostialdekoak ziren, eta gaur egun, berriz, erdia Gipuzkoako beste lekuren batekoa da. Hau da, Donostialdeko eta gainerako eskualdetako biztanleen ehunekoa parekatu egin da.

Arazo nagusiak

Era berean, Gipuzkoako gizartearen aldeko konpromisoari leial, mendeko pertsonek dituzten interesak zaintzeko lanari jarraituko dio Hurkoak, eta eginkizun aktiboa hartuko du gaur egun sektorean dauden arazoen aurrean.

Horrenbestez, Hurkoako gerenteak, Jose Ignacio del Pozok, nabarmendutakoa ekarri nahi dugu lerro hauetara: “Gipuzkoan tutoretzan espezializatutako epaitegi bat egon behar du gutxienez lurralde osorako, edo bestela bat eskualde bakoitzeko, eta barruti judizial bakoitzak bere bulegoa izan behar du ezgaitasun-egoerak balioesteko. Horren alde ari gara eginahalean”. Izan ere, bere irudiko, “arazoa ezagutzea, batez ere buruko gaixotasunak dituzten pertsonak ezagutzea, funtsezkoa da gaixoaren egoera aintzat hartuta epaiak zuzenagoak izateko”. Alde horretatik, Hurkoa harremanetan jartzen ari da epaitegiekin, Probintzia Auzitegiarekin, EAEANerekin eta Justizia Ministeriorekin; eta Gipuzkoako Auzitegiko presidentearekin ere biltzekotan da.

Justizia Ministerioa lantzen ari den lege-proiektuaren zirriborroa da Fundazioaren beste kezketako bat. Zirriborro horren arabera, aldaketa garrantzitsuak egin nahi dituzte tutoretzaren eta ezgaitasunaren arloan, bai eta boluntarioen diru-sarreretan ere. Horrenbestez, proiektuak eragin handia izan dezake sektorean. Izan ere, Del Pozoren esanetan, “gero eta joera handiagoa dago ezintasuna ez inori aitortzeko, mundu guztia bere buruaren kargu egin daitekeela eta norberak nahi duena erabaki dezala pentsatzeko. Horren arriskua da tutoretzarik izan ez eta buruko gaixotasunen bat duen pertsona batek bere buruaren kalterako izan daitezkeen erabakiak har ditzakeela…”.

Era berean, pertsona bat zeregin guztietarako ezgai jotzearen kontrakoa da Hurkoa. “Epaileak erabaki behar du, balorazio-txostenak aztertuta, zertarako den ezgai eta zertarako ez. Ezgaitasunaren maila zehaztu egin behar da, baina beste muturrera jo gabe eta ezgaitasuna guztiei ukatzera iritsi gabe. Ezgaitasuna sortzen duten gaixotasunak ezin dira albo batera utzi”, azpimarratu du Del Pozok. Espero da Ministerioak urtea amaitzerako eramango duela zirriborroa ministroen kontseilura. “Aurrez presioa egiteko eta oihartzuna lortzeko egin dezakegun guztia garrantzitsua da”, gehitu du.

Azkenik, Del Pozok gogoratu du baliabide eta bitarteko gutxi jartzen dela buruko gaixotasunei aurre egiteko. “Diputazioak ahalegina egin du beste plaza batzuk zabaltzeko, baina ez da nahikoa, eta horrek are zailagoa egiten du tutoretza. Baliabideak egokitzea oso lagungarri izango litzateke gure lana errazteko. Adineko pertsonekin horrela izan da”, amaitu du Fundazioko gerenteak.

Tutoretzari buruzko jardunaldia azaroan

Hain zuzen, arazo horiei guztiei buruz eztabaidatzeko, tutoretzari buruzko jardunaldia antolatu du Hurkoak. Datorren azaroaren 30ean izango da, Donostian. Duela bi urteko jardunaldia gogoan, eta XX. urteurrenaren egokiera baliatuz, oraingo honetan ere aditu ugari bilduko du Fundazioak. Aurten, New Yorkeko hitzarmenera egokitzeko Espainiako legedian izango diren aldaketak aztertuko dira eta gogoeta egingo da gaitasunaren balorazioari buruz eta Sitges 2009 Agiria ebaluaziorako tresna moduan erabiltzeari buruz.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat