2012/04/30

Hurkoak espero du, Fundazioak Debagoieneko eta Debabarreneko udalerrietan egiten duen lanaren berri izan ahala gizarteak, joera goranzkoa izango dela etorkizunean ere.

Hurkoak Arrasaten duen egoitzak hiru urte bete ditu, lanez buru-belarri. 2009ko otsailean zabaldu genuen egoitza, eta Debagoienean eta Debabarrenean ematen dituen tutoretza-zerbitzuak etengabe hazi dira ordutik, 95 pertsona lagundu baititu dagoeneko. Lehen urtean, berriz, 2009an, 67 lagundu zituen, eta lehen bi urteetan, guztira, 76; hau da, orain arte lagundutakoen kopurua % 32 hazi da 2010etik, eta % 42 2009tik. Espero dugu joera goranzkoa izango dela etorkizunean ere, Fundazioak inguruko udalerrietan egiten duen lanaren berri izan ahala gizarteak.

Gipuzkoarrei ematen dizkien zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoaren ildotik, Hurkoak bere jarduerak deszentralizatzeko prozesua hasi zuen 2009an, beste egoitza batzuk irekiz lurraldean. Helburua zen herritar guztiek hurbilago izatea zerbitzuak, ordura arte Donostiako zentroetan ematen baitzituen nagusiki.

Donostia alde batera utzita, Arrasate izan zen egoitza bat izan zuen lehen udalerria. Debagoieneko eta Debabarreneko udalerriei egiten die zerbitzu egoitza berriak, eta, horretarako, ahalegin handia egin behar izan genuen giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen ikuspegitik. Urte eta erdi geroago, 2010eko irailean, egoitza finkatzeko urrats handi bat egin zuen Fundazioak, eta ordezkaritza berriaren lokala erosi zuen, Kutxaren laguntzaz.

Donostiako tutoretza-zerbitzu berberak ematen ditu zentro berriak: informazioa ematen dio jendeari oro har, tutoretzapekoak laguntzen ditu, eta ezintasun- eta tutoretza-gaiei buruzko aholkuak eta laguntza ematen dizkie familiei eta profesionalei. Zerikusia duten diziplina guztietako (zuzenbide-, gizarte- eta administrazio-arloko) profesional- eta boluntario-talde batek ematen ditu zerbitzu horiek guztiak.

2009 eta 2011 arteko balantzea

Arrasateko egoitzan laguntzen ditugunen kopurua etengabe igo da hiru urte hauetan, eta, guztira, 95 pertsona lagundu ditugu han. Kasuen kantitateaz gain, ordea, zerbitzuen kalitatea ere hazi da Hurkoak aste osoan martxan dagoen egoitza fisiko bat duenetik, egoitza hurbilago dagoelako Donostiakoa baino, batetik, eta orain hobeto dakigulako Debagoieneko eta Debabarreneko egoeraren berri, bestetik.

Bestalde, inguruko familiek errazago lor dezakete ezintasunari eta tutoretzari buruzko informazioa, beren inguruan, eta, gainera, gizarteari eta erakundeei azaldu diegu adinduak eta buruko gaixotasunen bat dutenak babes gabe daudela eta haiek babesteko neurriak hartu behar direla.

2011ko ekitaldiaren amaieran, Arrasateko egoitzak Arrasateko bertako, Zumarragako, Eibarko, Legazpiko eta Urretxuko herritarrak laguntzen zituen. Gehienek (60k) buruko gaixotasunen bat dute, baina beste arazoren bat duten pertsonei ere egiten die zerbitzu ordezkaritzak: hogeik dementzia dute; seik, mendekotasunen bat; bostek, ezintasun intelektuala; batek, ezintasun fisikoa; batek, patologia duala; eta beste bik, azkenik, beste patologia batzuk. Bestalde, bederatzi pertsonak 40 urte baino gutxiago dituzte.

Etorkizunerako aurreikuspenak

Hurkoak espero du Arrasaten laguntzen dituenen kopurua handitu egingo dela datozen urteetan. Orain arte, Arrasateko egoitzaren eremuko udalerri batzuek ez dute bideratu kasu bat ere, baina, beste udalerri batzuetan zer gertatu den kontuan izanik, Fundazioak inguruko udalerrietan egiten duen lanaren berri izan ahala gizarteak, ziur gaude kasuak bideratuko dituztela. Gainera, Gipuzkoako gainerako eskualdeetan ikusi dugunez, gero eta familia eta zerbitzu gehiagok eskatzen dute informazioa, eta kasuen kopurua handiagoa da urtetik urtera.