Skip to main content
Imagen
Boluntarioak
11, Iraila 19

Gipuzkoan boluntariotza egoera onean dagoela uste du Hurkoak, baina mesedegarriagoa izango zaion ingurune bat eskatzen du

Hurkoak, zaurgarritasun-, mendekotasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden pertsona helduen eta/edo buruko gaitzak dituztenen arretarako, babeserako eta tutoretzarako Gipuzkoako fundazioak, 2011n garatzen ari den Boluntariotzaren Europako Urteaz baliatu nahi izan du jarduera hori lurralde historiko honetako gizartearentzat zein garrantzitsua den gogorarazteko eta ingurune mesedegarriago batean sustatzeko. 

Horrela, Gipuzkoan, oro har, boluntariotzaren egoera ona dela uste badu ere (biztanleriaren %10ek jarduera honekin zerikusia duen ekintzaren batean parte hartzen du, Gizalderen arabera), boluntariotza jendartean zabaldu beharra defendatzen du, bai eta elkartasunaren eta gizarte-kohesioaren balioetan dituen eraginak indartzea ere, gero eta lehiakorragoa eta globalizatuagoa den gure ekonomian.

Fundazioaren ustetan, ezinbestekoa da boluntariotzari mesede egingo dion ingurune bat lortzeko lan egitea, horrek herritarren parte-hartzea sustatu dezan lortzea eta, era berean, borondatezko jardueretan sortzen diren eragozpenei aurre egitea. Helburu hori lortzeko, Hurkoak hau eskatzen die eragileei: ekintza altruistak antolatzen dituztenei jarduera-bitartekoak eman diezazkietela, beraien kalitatea hobetzeko; talde horren jarduerak aintzakotzat har daitezela; eta duen balioaz eta garrantziaz sentsibiliza dadila jendea.

Fundazioaren ustez, gizarte-boluntarioak dituzten GKE-en eta elkarteen arteko koordinazioa da hobetu beharreko alderdirik garrantzitsuenetako bat. Izan ere, Hurkoaren ustetan, oraindik norberaren probetxua bilatzeko joera eta gailentzeko nahia daude erakundeetan. Hori dela eta, eragileen artean sareak ezarri eta lankidetza sustatu behar direla uste du, eta erakunde txikienak ere zaindu.

Boluntario izatearen onurak

Hurkoak aipatzen duen beste arazoetako bat boluntario gazteak erakartzeko zailtasuna da, edo animatzen direnen jarraipena ziurtatzea, beraien egoera aldakorra dela eta. Fundazioaren iritziz, ordea, borondatezko ekintza bat egitea oso garrantzitsua da etorkizunean lana aurkitzeko, horrek lan-merkaturako ateak ireki baititzake, eta are gehiago egungo krisi-egoeran. Boluntarioari ezagutzak bereganatzeko aukera ematen dio eta arlo horrekin harremanetan egoteko baliagarria zaio, baldin eta etorkizunean horretan lan egin nahi badu.

Gainera, ikaskuntza-aukera praktikoa da, bai norberaren egoerak bai gizarte-egoerak kudeatzeko; izan ere, giza harremanetan eskarmentua hartzen da, eta errealitate horiekin harremanetan egoteak norberarengandik onena ateratzea dakar. Azken finean, giza trebakuntzarako eskola da, eta norberarentzat poztasun-iturri; bertan, oro har, ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela aitortzen dute denek.

Boluntarioak Hurkoan

Hurkoa Fundazioa boluntario-sare batean oinarritzen da, eta hori gabe ezinezkoa litzateke arreta integral eta pertsonalizatua bermatzea, modu batera edo bestera zaintzen dituen pertsona guztientzat. Boluntarioek Eguneko Egoitzan laguntzen dute, profesionalekin batera, bertako ekintza eta programak betetzen; Jagon-sailean, aldiz, zuzenbide-, administrazio- eta gizarte-zerbitzuei laguntza ematen diete. Gertuko jarraipena egiten dute, eta pertsonalizatua, bai bizilekuetan bai egoitzetan, zentroetan, ospitaleetan eta abarretan.

Boluntarioek zenbait taldetan hartzen dute parte, eta programazioan, ebaluazioan, trebakuntza-planean eta abarretan laguntzen dute. Horrela, pixkanaka bizitza eta xede komunetan integratuz doaz, Fundazioko profesional baten laguntza eta erreferentzia dutela egoera guztietan. Kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko eta boluntarioak bertan gustura sentitzeko, Hurkoak kide izatearen zentzua lantzen du. Horretarako, informazio eta parte hartzeko toki gehiago ematen dizkie erakundean; erantzukizun eta zereginak ematen dizkie, baliagarri senti daitezen; harrera egiten die, lagundu, eta hasierako eta etengabeko trebakuntzan ahalegin guztia egiten du; eta haien lanaren garrantzia aitortzeko hainbat omenaldi egiten dizkie.

Hurrengo urtean zehar, boluntarioen kudeaketan eta koordinazioan hobekuntzak bultzatuko ditu Hurkoak, eta horretarako bakoitzaren motibazio eta gaitasunak indartuko ditu, dituen nahi eta ahalmenen arabera. Fundazioaren iritziz, funtsean, boluntarioen presentzia eta lana aintzakotzat hartu nahi da, beraiengan konfiantza izanez, trebatzeko eta gustura sentiaraziko dituen zerbait egiteko aukera emanez. Profesional baten laguntza izan dezatela, behar duten bakoitzean informazioa jasotzeko, laguntzeko, zalantzak eta kezkak adierazteko.

Hurkoaren ustez, boluntarioen parte-hartzeagatik ez balitz, erabiltzaileekiko harremanean kalitatea galduko litzateke, bai eta arreta pertsonalizatua eta gertukoa izatea ere, guztiengana ezin iristeraino. Gainera, aitortzen du langileek ere boluntarioengandik ikasi egiten dutela eta haiei esker gehiago motibatzen direla (presentzia handiagoa eskatzen dute, beste bide batzuetatik jakingo ez liratekeen beharren berri ematen dute). Eskuarki errezelo apur bat egon ohi bada ere, boluntarioak prestatuta ez daudela uste delako, Fundazioak ez du uste hala denik. Hurkoaren iritziz, boluntarioa oso arduratsua da eta profesional handia izan daiteke.

Boluntariotzaren Europako Urtea

Europako Batzordeak 2011rako izendatutako Boluntariotzaren Europako Urtearen bidez, mundu hobea eraikitzeko egunero modu altruistan lan egiten duten pertsonen lanaren garrantzia aitortu nahi da. Hainbat adin, sinesmen eta herrialdeetako 100 milioi europarrek baino gehiagok borondatezko ekintzak egiten dituzte, Europako Parlamentuaren ikerketa baten arabera. Azken horren kalkuluen arabera, nazio-ekonomien BPGaren %5 boluntario-alorrari zor zaio.

Txosten horrek nabarmentzen du Europako herritarren %30ek borondatezko lanen bat egiten duela, eta %80k uste duela besteei laguntzea garrantzitsua dela beraien bizitzetan. Espainian, 900.000 pertsona inguruk egiten dituzte zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei gizarte-laguntza emateko ekintzak. Datu horiek ikusita, ona da herri-erakundeek bihotz altruistadun milioika pertsonak egindako lanari babesa eta laguntza ematea, lan hori gehienetan isila izan arren beti ezinbestekoa baita.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat