2010/12/10

Batzarra Fundazioa sortu zeneko XX. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izan da, eta aditu ugari bildu ditu Kutxako Andia ekitaldi-aretoan. Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak “malgu, azkar eta berritzaile” izateko eskaera egin du, tutoretzapeko pertsonei behar duten guztia eskaini ahal izateko.

(Donostia, 2010eko abenduaren 10a) Hurkoaren XX. urteurrena ospatzeko jardueren barruan, Fundazioak aditu-talde bat bildu du gaur goizean egindako ekitaldian, lege-erreformari eta gaitasun-maila ebaluatzeko moduei buruz eztabaida egiteko. Izan ere, horiexek dira une honetan tutoretzaren arloan kezka handiena sortzen duten gaietako bi, epe motzean sektorean izan ditzaketen ondorioak direla-eta. Ekitaldiaren inaugurazioan, Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du “behar bezain malgu, azkar eta berritzaile” izan beharra dagoela, “tutoretza behar duten pertsonek izan ditzaketen behar berriak” bete ahal izateko.

Fundazioa sortu zeneko XX. urteurrenarekin batera, Hurkoak bere bi urtez behingo batzarra egin du gaur goizean, tutoretzari loturiko askotariko alderdiak eztabaidatzeko. Oraingo honetan, Hurkoak gonbidatu dituen adituek New Yorkeko hitzarmenaren ondorioz Espainiako legerian egin beharko diren aldaketak aztertu dituzte, eta gogoeta egin dute gaitasun-mailaren balorazioaz eta Sitges 2009 Agiria ebaluatzeko tresna gisa erabiltzeaz.

Ekitaldia honako arlo hauetan lan egiten duten profesionalentzat eta interesa dutenentzat izan da: Gizarte Lana eta Gizarte Hezkuntza, Zuzenbidea, Medikuntza-psikiatria eta -psikologia. Kutxako Andia ekitaldi-aretoan egin da, TUTORETZA EZTABAIDAGAI. Lege-erreforma eta gaitasun-maila ebaluatzeko modua, Hurkoa Fundazioaren XX. urteurrenean izenburuarekin, eta 250 lagun inguru bildu ditu.

Hurkoaren 20 urteko lana

Maite Etxaniz, Gizarte Politikako foru-diputatuak, ekitaldiari hasiera emateko, eskerrak eman dizkio Hurkoa Fundazioari, 20 urteotan egin duen lanagatik: “lana ez da erraza izan une batzuetan, baina bai guztiz beharrezkoa; lan hori guztia egin izan ez balitz, askoz zailago izango litzateke tutoretza behar duten pertsona guztien eta haien familien beharrak betetzea”.

Maite Etxanizek gogorarazi duenez, tutoretza-jarduerak pertsonen eskubideak eta interesak babestu behar ditu, “baina irekita izan behar du gaur egun arlo horretan sortzen diren egoera berrietara”. Hori dela-eta, azpimarratu du “behar bezain malgu, azkar eta berritzaile” izan behar dugula, “mendetasun-egoeran dauden pertsonek izan ditzaketen behar berriak” bete ahal izateko.

Bestalde, Juan José Goya, Kutxa Fundazioaren zuzendariak nabarmendu duenez, Hurkoa Fundazioak eginkizun “erabakigarria” du gizartean, “ongizatea dakarkiolako, eta etengabe aurrera egiten duelako”. Gainera, baieztatu du Fundazioak Kutxa lagun izango duela “beste 20 urtean ere, edo behar duen denboran, Fundazioaren funtsa pertsonen ongizatearen eta duintasunaren alde borrokatzea den bitartean”.

Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, Hurkoako lehendakari José Luis de la Cuestak eta kudeatzaile José Ignacio del Pozok gogora ekarri dituzte Fundazioko gertaera gogoangarrietako zenbait, eta 20 urteen balantzea aurkeztu dute; hain zuzen ere, “denbora horretan guztian saiatu gara Gipuzkoa osoan ahulezia-, mendetasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden milaka adinekori eta/edo buru-gaixotasunak dituztenei arreta eta tutoretza ematen, eta pertsona horiek defendatzen”. Horrez gain, etorkizunerako jarri dituzten erronkez ere hitz egin dute, besteak beste, Fundazioaren zerbitzuak gehiago hurbiltzea zerbitzuok behar dituzten gipuzkoarrei, eta haien bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzea.

Hurkoa Fundazioak, lanean jardun duen bi hamarkadaotan, 1.500 lagun ingururi eman die arreta (2010eko datuak lortzeke dira oraindik); pertsona horien gaineko ardura hartu du zuzenean, dela tutoretza-karguarekin, dela egitezko zaintzaile gisa. 1.500 kasu horietatik ia erdian (750 kasu ingurutan), Hurkoak kargu juridikoak ere izapidetu ditu. Familientzako arretari dagokionez, Hurkoak Gipuzkoa osoan 2.500 familia baino gehiagori eman die aholkularitza, orientazioa eta laguntza, eta ia 500 kasutan ezgaitasun-izapideak hasi ditu.

Txostena eta lege-erreformari buruzko mahai-ingurua

Hasteko, Hurkoako arduradunek Fundazioaren 20 urteko historiaren errepasoa egin dute. Ondoren, Justizia Ministerioko idazkari nagusi eta teknikari Santiago Hurtadok hasiera eman die Hurkoak ekitaldi honetarako proposatutako mahai-inguruei. Zehazki, txosten bat aurkeztu du, eta dokumentu horretan honako gai hauen xehetasun nagusiak azaldu ditu: Kode Zibila Aldatzeko Legearen Aurreproiektua, Fiskaltzaren estatutu organikoa eta Prozedura Zibilaren 1/2000 Legea, gaitasunaren aldaketa judizialaren eta gaitasuna judizialki aldatu zaien pertsonak eta adingabeak babestu eta laguntzeko neurrien arloan.

Santiago Hurtadok azaldutakoaren arabera, Lege Aurreproiektu horren helburu nagusia da, bildu diren bestelako neurriez gainera, “ezgaitasunen bat duen pertsonari laguntza ematea; zehazki, bere egoera zehatza kontuan izanik behar duen laguntza, bere gaitasun juridikoa erabili ahal izateko, eta bere autonomia eta autodeterminazio-eskubidea indartzeko”.

Santiago Hurtadok adierazi duenez, erronka hori betetzeko ia guztiz murriztu behar da ezgaitzen duen tresna, tresna horrek jarduteko gaitasuna deuseztatzen duenean, eta besteren bati eman behar zaio. Hain zuzen, nabarmendu duenez, “Neurri hori aplikatu ahal izango da soilik bere kabuz moldatzea eragozten dion ezgaitasun iraunkorren bat duen pertsonaren nahia zein den jakin daitekeenean”.

Bestalde, azpimarratu du “lege-esparru malgua sortu” beharra dagoela, “epai judizialak ezgaitasunen bat duen pertsonaren egoerari eta banako horren beharrei egokitua eta haiekiko proportzionala izango den laguntza ezar dezan”. Eta, horrez gain, adierazi du “laguntza-neurri horiek antolatu” behar direla, “pertsona bakoitzaren eskubideak, nahia eta lehentasunak errespetatuko direla ziurta dezaten, interes-gatazkarik eta eragin desegokirik egon ez dadin, neurriak ahalik eta epe motzenean aplika daitezen eta dagokion organo judizialak aldian behin azter ditzan”.

Bigarren mahai-inguruan, honako hauek izan ditu lagun: Aurora Elósegui, Donostiako Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiko epaile magistratua; Jacinto Gil, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Zibileko katedraduna; David Mayor, Ezgaitasunen arloko fiskala Gipuzkoan; eta Susana Montesino, Hurkoa Fundazioko Zuzenbide saileko kidea. Egin dituzten balorazioetako batean bat datoz Santiago Hurtadorekin; hain zuzen ere, adierazi dutenez, gaitasuna aldatzeko prozesuetan, epaia “gehiago egokitu behar da ezgaitasunen bat duen pertsonaren egoerara, eta soilik beharrezko neurriak hartu behar dira, eta behar den denborarako bakarrik”. Halaber, eskatu dute “arlo horretan espezializatutako epaitegiak ezar daitezela, eta asaldura psikiatrikoetarako nahitaezko tratamendu anbulatorioa arautzearen alde egin dadila”.

Txostena eta mahai-inguru soziala

Jardunaldiaren bigarren zatian, gizarte-gaiak eta gaitasunaren ebaluazioa izan dira hizpide. Hitza hartzen lehena Pablo Martínez-Lage Donostiako CITA-Alzheimer Fundazioko neurologoa izan da. Bere txostenean, tutoretza jasotzeari begira ezgaitasuna jaso dezaketen pertsonen ezagutza-funtzioak aztertu ditu, eta garunak nola funtzionatzen duen azaldu du era enpiriko eta oso grafikoan. Orobat, gogorarazi du gaitasuna pertsonaren ezaugarri dimentsionala dela, eta lau trebetasunek deskribatzen dutela: ulertzeak, hautemateak, arrazoitzeak eta aukeratzeak. Gaitasuna ebaluatzea sendagilearen iritziaren araberakoa dela esan du.

Halaber, adierazi du pertsona batek dementzia-sintomak baditu —hala nola, memoria-falta edo, besteak beste, hizkuntza-, orientazio-, kalkulu-, arrazoitze-, ezagutze- edo koordinazio-urritasunak, eta jokabide-asaldurak eta asaldura psikologikoak— hori nahikoa izan daitekeela pertsona horri bizitza autonomoa egiten ez uzteko. Alde horretatik, Sites Agiriak nola funtzionatzen duen azaldu du. Agiri horren bidez, zehatz daiteke ea pertsona bat gai den ala ez, erabakiak hartzean tartean izaten diren askotariko funtzio mentalen analisitik ateratako ratioak eta kalkuluak erabiliz.

Bigarren mahai-inguruan, honako hauek eseri dira Martínez-Lageren ondoan: Blanca Morera, psikiatra eta Donostia Ospitaleko Asistentziaren Etikako Batzordeko kidea; Myriam Barandiaran, Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko neuropsikologoa; Evelia Cantera, Hurkoa Fundazioko tutoretza-saileko koordinatzailea; eta Maria Luisa Otaño, Hurkoa Fundazioko lehendakariordea. Eztabaidan, nabarmendu da diziplina-arteko ebaluazioak duen garrantzia, dementziak eta buru-gaixotasunak dituzten pertsonek erabakiak hartzeko orduan izaten dituzten mugak eta gaitasunak detektatzeko. Gainera, honako hau azpimarratu dute: “Sitges 2009 Agiriak balio du dementziak ebaluatzeko, baina pertsona bakoitzari egokitu behar zaio, aldakorragoak baitira”; eta, hortaz, “banakotasunetara gehiago egokitu behar da”.

Ekitaldia amaitzeko, omenaldia egin diote Evelia Canterari, hain zuzen ere, bera izan baita Fundazioa Cáritasen bidez bultzatu eta 20 urte hauetan mendetasunak dituzten Gipuzkoako pertsonen alde lan gehien egin duten pertsonetako bat.

Hurkoa

Hurkoa tutoretza-fundazioa da, eta duela 20 urte sortu zuen Donostiako Elizbarrutiko Cáritasek, Gipuzkoan ahultasun-, mendetasun- edo babesgabetasun-egoeran dauden eta buru-gaixotasunak dituzten pertsonei eta/edo adinekoei arreta eta tutoretza emateko, eta pertsona horiek defendatzeko.

Hori helburutzat hartuta, pertsonen defentsa judiziala eta tutoretza-defentsa sustatzen eta bere gain hartzen ditu (pertsonek hala behar dutenean), eta gizarte- eta familia-laguntzarik ez duten pertsonak lehenesten ditu. Halaber, Eguneko Zentroan mendetasunak dituzten pertsonei eta haiek zaintzen dituztenei arreta ematen die; halakoen eragina jasaten duten familiei aholkularitza, laguntza eta orientazioa ematen die; eta programak sortu eta gauzatzen ditu, babesgabetasun-egoerak prebenitzeko xedearekin.

Hurkoak diziplina-anitzeko taldeetan sartzen ditu bere langileak eta boluntarioak, eta lankidetzan dihardu bere misioa betetzeko laguntza ematen duten erakundeekin. Gizartea informatu eta sentikortzen du, eta tratu txarrei, abandonatzeari eta babesgabetasunari loturiko arazoez arduratzen da. Era berean, mendetasuna duten pertsonen gaitasunak sustatzen ditu, eta haien duintasuna defendatzen du. Horrekin guztiarekin, gizarte-berrikuntzan erreferente izan nahi du, mendetasunak eta/edo ezgaitasunak dituzten pertsonei tutoretza eta arreta emateko eta pertsona horiek defendatzeko arloan eta, horretarako, laguntza eman nahi du Gipuzkoan inor ez dadin gera arreta egokia jaso gabe.