Skip to main content
Imagen
boluntarioa
21, Uztaila 21

Hurkoak omenaldia egiten die boluntarioei, fundazioarekin izan duten lanerako loturagatik

28 laguntzaile berri gehiago bildu zituen Hurkoak 2013.urtean zehar, eta gaur egun 169 dira guztira beren laguntza, hurbiltasuna, arreta eta maitasuna adierazten dietenak babestuei.

Joan den ekainean, Hurkoako boluntario, arduradun eta partaideen artean, hirurogei lagun inguru bildu zen Donostiako Apaiztegian. Izan ere, Hurkoak Omenalditxo bat eskaini nahi izan zien bere helburuen alde etengabeko eta erabateko lotura adierazten dutenei. Ekitaldian, azken urtean zehar burututako zereginei buruzko hainbat jakingarri eta lorpenen berri eman zen, eta aukera izan zen bakoitzak Hurkoaren helburuak hobetzeko iradokizunak eta ekarpenak aurkezteko. Azken helburua: Hurkoaren esku jartzen den orok ahalik gehien senti dezala elkartearen laguntza, maitasuna eta hurbiltasuna, bere duintasuna eta zor zaizkion eskubideak babesteko bidea.

Gero eta gehiago dira urtetik urtera Hurkoara hurbiltzen diren boluntarioak. Denbora, lana, jakinduria eskaintzen diete, langileei zein babestuei. 2013. urtean zehar, era batera edo bestera, esku hartu zutenen kopurua 169koa izan zen, aurreko urtean baino 28 gehiagokoa, alegia. Azpimarratu behar da, langabeziaren eraginez edo, lagun hurkoari laguntza eta denbora eskaini nahi dieten gazteen kopurua nabarmen gehituz doala. Denak izan ziren onartuak eta, ahal izan zuten apean eta ahal zuten eran, eskaini zuten laguntza. Eta hori, Evelia Cantera boluntarioen arduradunaren esanetan, Erakundeak boluntario kopuru trinkoa bezain jantzia duelako izan zen bideragarri.

Canterak esan zuenaren arabera, ”denok ulertzen dugu denon zeregina dela boluntario lana; izan ere, pertsonak garenetik, gizarte gizatiarragoa, anaikorragoa eraiki behar dugu, non doakotasuna, elkartasuna… erein behar ditugun, denon eskubideak baitira. Hau da, denok izan behar dugu eraginkorrak, gogotsuak eta elkarrekin bat eginak, elkartasun ahalmenak garatzeko eta pertsona mailan hazteko. Honela azpimarratu zuen: “Emanez jasotzen da eta doan ematen duena aberasten da”.

Boluntarioen lanak

Hurkoako boluntarioek eskaintzen duten lana guztiz baliagarritzat goraipatua izan zen eta lan horren hiru alderdi txalotu ziren bereziki. Lehenik eta behin, langileekin bat egitea: harrera orduan emandako laguntza, besteak beste, administrazio eta lege izapide lanak egiteko, onartutako helburuak garaiz eta eraz lortu ahal izateko ahaleginean.Egunerako Egoitzan ospakizun eta jaien antolaketa bultzatuz, eta pertsona bakoitzarekiko egitarauak burutuz.

Bigarrenez babestutako bakoitzari pertsonalki eskainitako lanetan. Arlo honetan sendagilearengana joaterakoan eskaintzen zaien laguntasuna aipatu zen (% 50 boluntarioen bizkar burutu zen 2013. urtean) eta Donostiako, Irungo eta Zumarragako boluntarioen %90k artatze lanetan esku hartu zuten. Eta hori egunero harremanetan eskaintzen zaien laguntasunaz aparte, beti beraien duintasuna gogoan hartuz eta aisialdiko ekimenak eta taldearekiko harremanak azkartuz.

Hirugarrenez Eskuhartuz taldeetan iradokizunak eta hobetzeko saioak eskainiz, boluntario taldeen arteko harremanak sendotuz, Hurkoako eta beste taldeetako adituen arteko eskarmentuak elkartrukatuz, heziketa ikastaroetara joanez, eta abar.

Amaitzeko, honela zioen Eveliak: “Ugariak dira gehi genitzakeen xehetasunak, Hurkoaren betebeharra nabarmenki aberasten dutenak eta ezinezkoak liratekeenak denon partaidetza gogoan izan gabe”. Hori guztia horrela izanik, Eveliaren hitzalditxoaren ostean, nolabaiteko gorespena eskaini zitzaien boluntarioei, batez ere, Hurkoarekin bederatzi urte eta gehiago daramatenei lanean, horrek,”Hurkoaren helburu eta baloreekin etengabeko lotura iraunkorra azaltzen duelako”. Omenaldiaren ondoren, bertan bildutako guztiak elkarrekin bazkaldu ahal izan zuten.

Boluntariotza

Taldean lan egin gurekin, aberastasun pertsonalaren eta
zure kezkak eta ekimenak garatzeko bitarteko
baten aldeko apustua egin.

Egin boluntariotza

Dohaintzak

Taldean lan egin gurekin, aberastasun
pertsonalaren eta zure kezkak eta ekimenak
garatzeko bitarteko baten aldeko apustua egin.

Egin dohaintza bat